GIZA KATEA

Artista: Maider López
Maila: 3 eta 4
Lotura duten gaiak: sektoreak eta profesionalak
Teknika: marrazkia, eskultura, argazkigintza eta performancea
Irakaslea: Carmen Movilla
Mendiola Ikastetxea, Donostia
Materialak: koloretako paperak, artaziak, itsasgarria, apar-goma eta argazki kamera

Nola lotu muntaia-katea bezain gauza mekanikoa artearekin? Bi horien arteko topagunerik al dago? Bada, Mendiolako ikasleek aurkitu zuten: kate-lana oinarritzat hartuta, taldean egindako performancen bidez proiektu artistiko dibertigarriak garatu zituzten, ofizio, lanbide eta industria-prozesuak artearekin eta sormenarekin uztartuta.

3. eta 4. mailako 16 ikasle eta Maider López artista gogoetan aritu ziren: Zeintzuk dira lan-sektoreak? Nola lotu dezakegu curriculumeko gai hori artearekin? Tailerren helburua sektore desberdinak —lehena, bigarrena eta hirugarrena— ulertzea izan zen, bai eta kate-lanak eskaintzen dituen aukerak aintzat hartzea ere. Proiektuak bestelako xedeak ere izan zituen: euskaraz adierazteko gaitasuna sustatzea eta kooperazioa lan egiteko modu gisa baliatzea, talde-lanaren bitartez partekatzen eta laguntzen ikasteko.

Ikasleek frutak egin zituzten, eskolaren alde batetik bestera katea eginez eramandako aparra ebakita: ilaran, batak besteari pasa zioten materiala eskolan zehar ikasgelara heldu arte, patioan, pasilloan eta eskaileretan barrena.

Hexagono formako eraikin bat da eskola, eta patio bat dauka erdian; haren arkitekturari esker ikasleek barruko balkoian sare handi bat jarri zuten, patioaren kortina gisa. Haurren neurrira egindako ikastetxea da, eta patioa du gune komunitarioa; taldean erabakitzen da gune horretan zer egin. Koloretako kartulinaz egindako kate batez osatuta dago lehen aipatutako sarea, arrantzaleek erabiltzen dutena gogorarazten duena, eta ekonomiaren lehenengo sektorearen sinbolo gisa ageri da. Banakotasun bakoitza taldearen parte den modu berean, uztai bakoitza balkoitik zintzilik dagoen gortina handiaren funtsezko atala da.