Produktu hutsak erotu egin dira
Garai bateko programa digitalek —hala nola Adobe Premiere, Photoshop eta QuarkXPress— irudiak sortzeko eta geruzatan editatzeko eskaintzen zituzten aukerek erakarrita, Paul Pfeiffer esperimentazioaz eta apropiazioaz baliatu zen bere lehen bideo-lanak egiteko estrategia gisa. Produktu hutsak erotu egin dira bideo-lana egiteko Risky Business (1983) filmaren eszena bat hartu eta fotogramaz fotograma zehatz-mehatz zatikatu eta berriro editatu zuen artistak. Horri buruz, hauxe dio berak: “Lan hau grabatugintzan daukadan prestakuntzaren luzapentzat jotzen dut. Baliabide horretatik gehien gustatzen zitzaidana zera zen, irudien elkarren segidako iterazioen errepikapena eta degradazioa, hau da, prozesu mekanikoa. Horregatik, lehendik existitzen den irudi bat hartu eta bestelako testuinguru batean kokatzea beste esanahi bat hartu dezan, alegia, esanahiak eta irudiak geruzatan antolatze hori, hasiera-hasieratik interesatu izan zait”. Irudiak LCD mini-monitoreetan eta proiektoreetan erakutsita, Pfeifferrek eskala-aldaketa itzela egin zuen telebista-pantailan izan ohi duten tamainarekin alderatuz gero.