Naturaren aldaketak
2. mailako 21 ikasle, Eretza Berri ikastetxea, Sodupe
2. mailako 21 ikasle, Eretza Berri ikastetxea, Sodupe
Hizkuntza: euskara
Artista: Zaloa Ipiña
Irakasleak: Amara San Vicente eta Alex Salazar
Programa honen helburu nagusia naturak urtaroetan zehar izaten dituen aldaketak artearen bidez aztertzea eta ulertzea izan da. Paisaia modu aktiboan behatuta, ikasleek natura-artea asmatu dute naturan bertan. Askotariko sormen-esperientziak garatu dituzte, eta horrek bai inguruneari bai natura-zientzien gaiari beste modu batean begiratzera bultzatu ditu ikasleak.
Lehenik eta behin, urtaroaren arabera argian nabaritzen diren desberdintasunez aritu dira eztabaidan. Eguzkiargiaren eragina eta urtean zehar nola aldatzen den grafikoki irudikatu dute munduko bola baten inguruan linterna bat mugituz: Lurra mugitzen denean, planetako leku bakoitzak jasotzen duen argia aldatu egiten da. Gainera, ikasturteko une desberdinetan, ikasleek hormetan aurkitutako itzalen ingeradak markatu dituzte. Eguzkia izan da, beraz, planetaren mugimenduan oinarritutako ekintza artistikoa bideratu duena.
Zergatik erortzen dira zuhaitzetako hostoak udazkenean? Zergatik aldatzen dira kolorez? Land Art edo lurraren artea deritzona inspirazio-iturri hartuta, “udazkena” hitza idatzi dute hosto mordo bat erabiliz. Ondoren, ekintzaren argazkiak atera dituzte, hartutako formak bere horretan zenbat denbora iraungo ote duen jakin gabe. Naturan aurkitutako materialak erabilita arte efimeroa sortu dute: denborarekin ezinbestean desegin edo desagertu egingo den talde-lana osatu dute, eta zenbait fenomeno natural ere izan dira obraren parte, haizea, adibidez.
Aurkitutako zuhaitz-hostoak formaren eta kolorearen arabera sailkatuta, espezieen artxibo bat sortu dute. Transferentzia-tekniken bidez, hostoen testurak paper gainean kopiatu dituzte arkatzarekin igurtziz (frottage), eta haien siluetak urdin-tonu desberdinetan inprimatu dituzte argazkiak errebelatzeko emultsio bat aplikatuz (zianotipia).
Zer da instalazio artistiko bat? Ikasleek ikusi dute instalazio artistikoek inguruko espazioarekin jolas egiten dutela eta artistaren “kontakizun” edo istorio bat kontatzen dutela. Hala, neguari buruzko kontakizun bat adostu dute: hostoak erortzen direnean ez da lorerik ageri, animalia askok hibernatu egiten dute eta hegazti ugarik toki epeletara migratzen dute. Bizitzan edo naturan pausaldi bat gertatzen dela dirudien arren, Ama Lurrak lanean jarraitzen du bere bizitza-laborategian, baita euripean edo elur-geruza zuriaren azpian ere. Istorio hori modu sinbolikoan kontatzeko, instalazio kolektibo handi baten muntaia diseinatu dute margotu eta bernizatutako adar eta hosto aurkituekin.