Lerro paraleloak (1957–67)
Bere praktika artistikoa adopzio-herrialdean garatu zuenez, Venezuelako abstrakzio geometrikoaren kontzeptuak bereganatu zituen Gegok; arte-joera horren ezaugarri nagusiak forma, lerro nahiz kolore puruak eta ordena geometrikoak dira. Beste horrenbeste egin zuen zinetismoarekin ere; herrialdean sustraitua zegoen arte-mugimendu hura hirurogeiko hamarkadan sortu zen, eta arte zinetikoaren funtsezko kontzeptuetatik abiatuta eboluzionatu zuen (grezierazko “kinesis”, mugimendua).
Atal hau osatzen duten eskulturen eta paper gaineko lanen sortak aztergai hartzen du Gegok zer-nolako ikerketa egin zuen “lerro paralelo” deritzenek eskaintzen dituzten aukera espazialak eta estrukturalak oinarri hartuta. Pieza horietan, lerroaren erabilera —batzuetan askea, beste batzuetan konprimatua— “lerroen arteko ezereza” oinarri hartzen duen pentsamolde sintetikoaren ardatza da; pentsamolde hori “ikusezina ikusgai bihurtzeko” bilaketaren funtsezko printzipioa da, hain zuzen ere. Horren guztiaren erakusgai dira atal honetako titulurik gabeko marrazkiak. 1960 inguruan, oszilazioaren eta bibrazioaren efektu optikoekin esperimentatzen hasi zen Gego, eta argiaren, mugimenduaren eta espazioaren inguruko esplorazioak sintetizatu zituen —arte zinetikoan nagusi diren gaiak, alegia—. Atal honetan bildutako eskulturetako batzuek, gehienak margotutako burdina soldatuz eginak, tutu-formako elementu paraleloak dituzte, eta gainjarri edo gurutzatu egiten diren plano geometrikoak osatzen dituzte. Ikuspegi desberdinetatik behatzean, bibrazioaren eta mugimenduaren ilusio optikoa sortzen dute, eta objektuen pertzepzioa ere aldatu egiten dute.