Jatorrizko kaosa (1906–07)

205 aretoa

1906ko urtarrilean, Hilma af Klintek onartu egin zuen Amalielek (Bostak taldekoek solaskide zituzten gidari espiritualetako batek) espiritismo-saio batean zeudela egindako enkargua: mundu espirituala koadroetan islatzea. Eskaerari men eginez, Tenplurako pinturak sortu zituen artistak. Berehala hasi zen lanean ziklo handi horretako lehen multzoan, Jatorrizko kaosa izenekoan.

Teosofian, hau da, garai hartan gero eta indar handiagoa hartuz zihoan sinesmen espiritualen sisteman oinarrituta, kreazioaren jatorriaren gaiari heldu zion sail horretan. Teosofia 1875ean sortu zen, intuizioaren, meditazioaren eta giza-kontzientzia gainditzeko beste bide batzuen bidez errealitate sakonago bat ezagutzea xede harturik. Teosofia hainbat erlijio eta sinesmenetan errotuta zegoen, eta eremu emankorra aurkitu zuen mundu berriari aurre egiteko erantzun bila zebiltzanen artean. Af Klint 1904an sartu zen Elkarte Teosofikoan.

Jatorrizko kaosa sailak teosofiaren oinarrizko sinesmen bat aztertzen du, zeinaren arabera munduaren sorreran jatorrizko batasun bat izan baitzen, gerora hautsi zena. Horren arabera bizitzaren helburua zera litzateke: elkarren aurkako indarren (ongiaren eta gaizkiaren, femeninoaren eta maskulinoaren, argiaren eta ilunaren…) hasierako batasun hori berreskuratzea.