Hamar nagusiak (1907)
209 aretoa
Hilma af Klint errebelazio baten ondorioz hasi zen Hamar nagusiak zikloan lanean: bere gidari espiritualek "edertasun liluragarriko hamar margolan" egiteko agindu zioten, munduari bizitzaren lau etapen ikuspegia eman behar ziotenak. Artistak oso azkar margotu zituen Tenplurako pinturak sailekoak diren lanok, estudioko zoruan jarrita segur aski —batzuk bai, behintzat, haien tamaina dela eta—, Cornelia Cederberg eta Gusten Andersson taldekideen laguntzarekin.
Multzo honetako margolanak tenperaz margotuak daude garai hartan oso ohikoa ez zen formatu batean —tenperaren erabilerak Errenazimentura garamatza, eta Af Klintek urte gutxi lehenago Florentziara egindako bidaia batean bisitatu zituen elizetako erretauletara—. Lan hauek bizitzaren lau etapak irudikatzen dituzte: Haurtzaroa, Gaztaroa, Helduaroa eta Zahartzaroa. Tenplurako Pinturak saileko beste margolan batzuek bezala, hauek ere maskulinoaren eta femeninoaren arteko erlazioaren ezaugarri batzuk dituzte aztergai.
Lehen bi mihiseek hondo urdina dute eta haurtzaroa irudikatzen dute; gaztarorantz hurbildu ahala, koadroak koloretsuagoak bilakatzen dira eta hondoak kolore laranja bizia hartzen du. Helduaroaren faseei dagozkien konposizioak, berriz, tonu morexken gainean garatzen dira. Zahartzarora iristean, irudiak, hondo okreen gainean margotuak, soilagoak dira eta diseinu simetrikoak eta geometrikoak dituzte: lehen koadroko goialdeko kiribil urdin eta horixkek konpasez eginak dirudite; haien azpian, mandorla edo vesica piscis bat ageri da, batasunerako eta goienerako progresioa adierazten duen antzinako sinbolo bat, kasu honetan printzipio femeninoa eta maskulinoa txertatu dituen jainkotasun bat irudika lezakeena.