Gaiztakeria zuzen-zuzenean (Kuala Lumpur)
Pfeifferrek behin baino gehiagotan jo du Michael Jacksonen figurara, poparen ikono beltz gisa izan zuen paper konplexu eta kontraesanez beteak ondo jasotzen baititu kultura garaikidearen baitan gertatzen diren paradoxak arraza-desberdinkeriari, obsesioari eta alienazioari dagokienez. Horren inguruan zera esan du artistak: “Nahiz eta mundu osoan zehar zabaldutako irudien erabilerak erakartzen nauen (besteak beste Michael Jacksonenak edo kiroleko heroienak), nire interes nagusia ez dira pertsona ospetsuak, inguruan duten aura baizik. Aura hori areagotzeko, lehen planora ekartzeko eta irudiaren puntu fokal bihurtzeko moduak bilatzen ditut. Nire lanean irudiak aldatzeko erabiltzen ditudan metodo guztiek (ezabatzea, errefraktatzea, islatzea, etengabe errepikatzea, etab.) asmo hori dute”. Gaiztakeria zuzen-zuzenean saileko lanetan, artistak Jacksonen zuzeneko emanaldietako metrajea manipulatu zuen musikariaren gorputza forma abstraktu bihurtzeraino: intsektu baten gorputza edo Rorschach test animatu bat ematen du. Jacksonen jantzi distiratsuek ikuskizunaren bizitasuna nabarmentzen dute eta figuraren dirdaiak gure arreta kolektiboa erakartzen du, baina haren gorputza ez dago begien bistan.