Azken obrak: Ehundurak, Zomorroak eta Zomorrotxoak (1987–91)
1980ko hamarkadaren amaieran, bere azken hiru sailak egin zituen Gegok: Ehundurak (1988–91), Zomorroak (ca. 1987–91) eta Zomorrotxoak (1987–89). Paper gaineko lanari heldu zion berriro, adinak metalak eta bestelako material zurrunak manipulatzea eragotzi zion heinean. Ehundurak pieza txikiak dira, bi dimentsiotakoak, artistaren lanetatik, aldizkarietatik eta liburuxketatik ateratako paper-zerrendak elkarri lotuz eginak. Artistak ehunak, korapiloak eta sareak osatzeko zuen etengabeko interesaren testuinguruan, azkenengo sail horrek Gegoren lengoaia artistikoa egituratzen duten metodologia formalak eta kontzeptualak laburbiltzen ditu.
Bere azken bi eskultura-sailek —Zomorroak eta Zomorrotxoak— geometriaren, formaren eta erretikularen deformazioa eta erabateko kolapsoa adierazten dute Gegoren lanean. Ohiko esanahiarekin ez ezik, bicho hitza izen zehatzik ez duen hura izendatzeko ere erabiltzen da. Material berreskuratuekin eta artistak baztertutako beste lan batzuetako elementuekin sortuak dira egitura ezegonkorreko Zomorroak eta Zomorrotxoak. Forma eta egitura ezberdinetako konfigurazio iragarrezinak dituzten ensanblaje kaotiko horiei esker, artistak alde batera utzi zuen forma zurruna, eta egitura organiko irregularrak egiten hasi zen.