13 marra, 2016
Dóra Maurer Hungariako eta nazioarteko abstrakzio geometrikoaren figura nagusietako bat da. Bere sorkuntza-praktikan, elkar elikatzen duten adierazpen-moldeak dira erreprodukzio grafikoa, zinema esperimentala, instalazioa, pintura eta arte kontzeptuala, munduaren eta norberaren ezagutzaren bilaketarako baliabide gisa betiere. Bere ibilbidearen hasieran, hirurogeiko hamarkadan, lan sakona egin zuen Maurerrek erreprodukzio grafikoaren arloan, estanpak harturik ez margolan gisa baizik eta dokumentu gisa, xaflan (gainazalean) gertatutako gorabehera sorta baten lekuko gisa. Artxibo-pigmentuz egindako pieza hau artistak aurrez sortutako beste estanpa kontzeptual batzuen ildotik doa: hogeita hamar egunez, goizean jaikitzean ohean uzten zuen arrastoa erregistratu zuen egunez egun. Maindireen tolesak, zimurren lerroak eta gorputzaren mugimenduaren arrastoa marrazkitzat har daitezke. Eskulan gisa neurri batean mugatua izango litzatekeen hori, Maurerrek inprimatze digitalaz ordezkatu du, izan ere, bere ustetan “bizkorrago eta freskotasun handiagoz erantzuten du fenomenoen aurrean, eta gehiago hurbiltzen ditu bizitzara”.