Une honetan ikusgai (305 aretoa)

Titulurik gabea

1952–53Olio-pintura mihise gainean
299,5 x 442,5 cm

Mark Rothko New Yorkeko Eskolako pertsonaia nagusietako bat da, eta mintzaira heldua izatea du ezaugarri batez ere. Hura lehenbiziz geratu zen agerian 1949ko bere margolanetan: metatuta eta kolokan dauden kolore distiratsuko eremu laukizuzenek osatutako konposizio handiak dira. Rothkok zeharo ukatzen zuen bere lana estetikaren aldetik, huts-hutsean formaren aldetik interpreta zitekeenik eta, nabarmendu zuenez, "ez nago kolorearen edo formaren edo beste gauzaren baten erlazioan interesatuta". Aldiz, bitarteko abstraktuak erabili zituen "oinarrizko hainbat giza emozio, adibidez, tragedia, loria, zorigaiztoko patua eta abar" adierazteko, mundu sekular baterako berebiziko artea sortzeko ahalegin betean arituz. Bere margolanen aurrean pot amildu eta negar egiten zuten ikusleek; artistak zioenez, "pintatu nituenean sentitu nuen bezalako erlijio-esperientzia" bizi zuten1.

Guggenheim Bilbao Museoaren Titulurik gabea lana toki nabarmenean jarri zuten 1954an Art Institute of Chicagon egindako erakusketan, AEBko museo garrantzitsu batean Rothkoren helduaroko obraren bakarkako lehenengo erakusketa izandakoan. Erakusketak sabai apaleko galeria nahiko trinko batean arretaz banatutako zortzi margolan biltzen zituen. Titulurik gabea sabaitik libre eskegita zegoen, atari ondoan, eta gunean nabarmentzen zen, bisitariek aurrez aurre topatzen baitzuten ezinbestean, distantziak ematen duen babesik gabe2. Tamaina oso alderdi garrantzitsua zen Rothkorentzat. 1951ko sinposio batean azaldu zuenez, ez zuen eskala handian pintatzen zerbait "handia eta dotorea" sortzeko, "hain zuzen, intimoa eta gizatiarra izan nahi dudalako" baizik. "Koadro txiki bat pintatuz gero, esperientziatik kanpo kokatzen zara, esperientzia estereoptiko batetik edo kristal txikigarri batetik behatuko bazenu bezala. Baina koadro handiak pintatzean koadroren barnean zaude. Ez dago behartu dezakezun ezer"3.

1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadan, Rothkok barne-espazio jakin hauetarako hainbat horma-irudi multzo sortzeko mandatua jaso zuen: New Yorkeko Seagram Eraikineko Four Seasons jatetxerako (horma-irudi horien aukeraketa bat Londreseko Tate-ri eman zitzaion, "Rothko Areto"rako), Harvardeko Unibertsitateko Holyoke Center-erako eta Houstoneko Rothko Kapera deitu zenerako. Titulurik gabea lan autonomoa den arren eta toki jakin baterako sortua izan ez arren, tamaina itzeleko pieza hau (aldi horretan sortu zituen tamaina horretako bi margolanetako bat) Rothkoren lehenengo benetako horma-irudietakotzat jo daiteke. Pintura ezohikoa da bere horizontaltasuna dela eta; izan ere, Rothkok nahiago zuen formatu bertikala. Geroago, formatu horizontaleko hainbat lan bereizi sortu zuen, baina ez zuen alboen hedapena hain muturrera eraman. Hemen, ikuslea lanari nahikoa hurbiltzen bazaio, artistak nahi zuen bezala, ikusiko duu euskarria alboko ikuspen-eremutik haraindi luzatzen dela eta, ondorioz, pinturak hedatzen eta bere mugak gainditzen dituela ematen duela.

Oharrak:

1. Mark Rothko, honetan aipatua: Selden Rodman: Conversations with Artists, David-Adair, New York, 1957, 92-94 or.; berrinprimatzea: Miguel López-Remiro (arg.), Mark Rothko: Escritos sobre arte (1934-1969), Yale University Press, New Haven, Connecticut, 2006, 177 or.

2. Erakusketan toki hori zein lanek bete zuen nolabaiteko nahasmena sortu du. Erakusketari buruzko materialak No. 10-az (10 zk.) egiten dio erreferentzia horri. David Anfamek ondorioztatu duenez, Guggenheim Bilbao Museoaren lanak beteko zuen segur aski. Ikus David Anfam: Mark Rothko: The Works on Canvas, Yale University Press, New Haven, Connecticut, 1998, 72, 100 n, 35 or., (483 kat. zk.).

3. Mark Rothko: "A Symposium on How to Combine Architecture, Painting, and Sculpture", in Interiors, 10 (1951ko maiatza), 104 or. Hitzaldia Philip Johnson-ek antolatu zuen eta New Yorkeko Museum of Modern Art-en egin zen 1951n.

Iturriak:

Oliver Wick: "Mark Rothko", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jennifer Blessing: "Mark Rothko", in Nancy Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

 

Google Arts & Culture webguneko informazioa ikusi.

Jatorrizko izenburua

Titulurik gabea

Data

1952–53

Teknika / Materialak

Olio-pintura mihise gainean

Neurriak

299,5 x 442,5 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Titulurik gabea

Ezagutu Mark Rothkoren Titulurik gabea (1952–53) obra ikonikoaren historia. Formatuari eta koloreari dagokienez, oso obra berezia da Letonian jaio arren AEBn lan egin zuen artista honen ibilbidean.

Museoan

Titulurik gabea | Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa
Titulurik gabea | Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa
Titulurik gabea | Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa
Titulurik gabea | Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa
Titulurik gabea | Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa

Ikuspuntuak

Mark Rothkoren Titulurik gabea

Isaki Lacuesta zinemagilea, Maite Borjabad arte-arduradunarekin batera, Mark Rothkoren Titulurik gabea (1952–53) lan bikainean murgilduko da. Obra eskala handiko kolore-kolpea da, topaketa intimo eta gizatiar batera gonbidatzen gaituena.