Une honetan ikusgai (307 aretoa)

Sakona airea da

1996Alabastroa
94 x 122 x 124 cm

Eduardo Chillidak Madrilen ikasi zuen arkitektura 1943 eta 1947 artean, pinturara jo eta, azkenik, 1948an Parisera lekualdatu ondoren, eskulturari heldu zion. Arkitekturaren hasierako ezagutza hori ondo agerian geratzen da haren eskulturen azpiko egituran, materialei jarritako arretan eta ezaugarri duten espazio-erlazioaren plangintza zainduan. Izan ere, Chillidak arkitekturarekin erlazioan ikusten zuen eskultura: "Eraikitzea espazioan sortzea da. Hori da, hain zuzen, eskultura eta, oro har, eskultura eta arkitektura", adierazi zuenez [1]. Bost hamarkadatan, XX. mendeko euskal artista garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, eta nazioarteko ospea hartu zuen gerraosteko eskultura giroan, kokapen zehatzeko eskultura monumentalen ondare joria, baita tamaina arruntagoko eskulturak ere, utzi baitzizkigun.

Chillidak hautatzen zituen materialek gai kontzeptual eta metafisikoen inguruan egiten ari zen azterketa gorpuzten zuten. Parisen egin zituen bere lehenengo eskulturetan harriaren eta igeltsuaren aldeko hautua egin zuen, Louvren erakusgai zeuden antzinako lanak aztertzen baitzebilen, eta giza irudia eta naturako formak hartu zituen inspirazio-iturri. 1951n, Euskal Herrira itzuli zenean, formak espazioa nola eraldatzen zuen eta espazioaren bolumena abstraktuki nola zehazten zuen sakontzen hasi zen; burdina eta, geroago, zura eta altzairua erabili zituen, material horiek industria, arkitektura eta nekazaritzako euskal tradizioak adierazten baitzituzten eta euskal paisaia tipikoa eta Chillidak haren "argi iluna" deitutakoa gogora ekartzen baitzuten.

1960ko hamarkadan, Greziara, Erromara, Unbriara, Toskanara eta Provenzara bidaiatu zuen eta bidaia horiek argiaren eta arkitekturaren arteko erlazioari buruzko betiereko interesa piztu zioten. Chillidak hasieran Louvreko lan batzuetan ikusi zuen argiaren kalitatea hartu nahi zuen eta, horretarako, alabastroa erabiltzen hasi zen, argitsua eta, aldi berean, estalia den neurrian, erakutsi eta ezkutatu dezakeelako. Alabastrozko lehenengo eskulturak 1965-69koak diren arren, 1976an lotu zitzaion berriz material horri, baita bi hamarkada geroago ere, Sakona da airea lanean. Horretan, zakar zizelkatutako harriaren kanpoaldea eta barneko arkitektura-espazio guztiz landua eta leundua uztartu zituen eta lanak Sakona airea da: Jorge Guilléni omenaldia (Lo profundo es el aire: Homenaje a Jorge Guillén) ekartzen du gogora: Chillidak Valladoliden 1982an sortutako eskultura publikoa. Tituluari poetikotasun handia dario, bada, espainiar poeta ospetsu horren lerro batetik eskuratu zuen, eta espazioa edo airea nola ulertzen zuen uzten du agerian; izan ere, Chillidarentzat, harria edo zura moduan, ezinbesteko langaia zen airea. Chillidaren hitzetan, "espazioa bolumen plastikotzat hartu behar dugu. [...] Forma era espontaneoan ateratzen da espazioak bizitzeko lekua behar duelako eta hura animaliak maskorra moduan eraikitzen duelako. Animalia hori bezala, neu ere hutsaren arkitektoa naiz"2.

Oharrak:
1. Eduardo Chillida, elkarrizketa Mario Teresekin, in Christa Lichtenstein, Chillida und die Musik. Baumeister von Zeit und Klang, Wienand, Kolonia, 1997, 73 or.; honetan aipatua: Chillida, 1948–1998, erak. kat., Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 1998, 62 or.

2. Eduardo Chillida, honetan aipatua: Chillida, 1948–1998, 62 or.

Iturria:
Kosme de Barañano: "Eduardo Chillida" in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Sakona airea da

Data

1996

Teknika / Materialak

Alabastroa

Neurriak

94 x 122 x 124 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Museoan

Sakona airea da | Eduardo Chillida | Guggenheim Bilbao Museoa
Sakona airea da | Eduardo Chillida | Guggenheim Bilbao Museoa
Sakona airea da | Eduardo Chillida | Guggenheim Bilbao Museoa

Ikuspuntuak

Eduardo Chillidaren Sakona airea da

Cristina de Middel argazkilariak eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães arte-arduradunak Eduardo Chillidaren Sakona airea da (Lo profundo es el aire, 1996) alabastrozko eskulturaren edertasuna eta poesia aztertuko dituzte.