Titulurik gabea
1964Olio-pintura mihise gainean273,5 x 236 x 3,5 cm
1947rako, Clyfford Still bere arte-ibilbide osoan borobildu eta sakonean jorratu zuen formatua lantzen hasi zen: pintore-espatulez zakarki aplikatutako kolore-eremu zabala. Stillek kolorea ametsezko diseinutik askatu zuen, eta amaigabeko tonu-eremun zabalak eta mihisearen lautasuna uztar zitezen utzi zuen. "Edertzat" jo ohi diren koloreak banatu egiten zituen ñabardura asaldagarriagoen alde, irudipen aztoragarriak sortzeko. Stillek kategorizazioa gutxiesten zuen arren, kolorezko eremu koskatuak nagusi dituzten bere mihise zabalek Espresionismo Abstraktuaren artistei eragin zien, bereziki Barnett Newman-i eta Mark Rothko-ri, bat egin baitzuten gorentasun metafisikoari buruzko interesan. Artista horien ustez, margolan batek esanahi bat adieraz zezakeen berezko nolakotasun materialez eta informalez beste ezeri erreferentziarik egin gabe. Margolan abstraktuetan munduaren adierazpide errealista bati heldu beharrean, Still ikuste bidezkoa guztiz eta hitzez azaldu ezin zen esperientzia traszendental bat sortzen saiatu zen.
Stillek AEBren ideal peto-petotzat jotzen zituenen alde sendo egin zuen, adibidez, askatasunaren eta indibidualtasunaren alde, eta bere margolanetan eta arte-ibilbidean hezurmamitu zituen horiek. 1946an, Peggy Guggenheimen Art of This Century museo-galerian eta, 1947an, Betty Parsonsen Galerian berari buruzko bakarkako erakusketak egin zituzten arren, artearen munduko alderdi komertzialak mespretxatzen zituen, eta loraldian zen New Yorkeko Eskolatik urruntzen joan zen; hainbeste aldendu zen non uko egin zion 1952 eta 1958 artean erakusketak egiteari. Stillek New York betiko utzi eta 1961ean bere burua Marylandeko abeletxe batean bakartzea erabaki ondoren pintatu zuen Titulurik gabea. Lanean, pieza osoari argitasuna ematen dion mihise ia biluzia nabarmentzen da, baita bertikaltasun temati bat ere: 2,5 metro altuko lerro gorria eta forma okreak harrotu egiten dira eta edozein egitura itxiren mugak hausten bide dituzte. Titulurik gabea lan honetan, indar mugagabeak iradokitzeko baliabideen ekonomia bati lotu zitzaion artista. Stillek argi eta labur azaldu bezala, "lan onenek elementu gutxienak eta soilenak dituzte; hasiera batean oso begi-bistakoak izaten dira, ahalik eta astiroago begiratu eta gauzak gertatzen hasten diren arte"[1].
Oharra:
1. Clyfford Still, honetan aipatua: Thomas Albright: "The Painted Flame", Horizon 22 (1979ko azaroa), 33 or.
Iturriak:
Joan Young: "Clyfford Still", in Nancy Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.
David Anfam: "Clyfford Still", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
Jatorrizko izenburua
Titulurik gabea
Data
1964
Teknika / Materialak
Olio-pintura mihise gainean
Neurriak
273,5 x 236 x 3,5 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa