Ez dago ikusgai

Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967

2013Kobre-xafla gaineko grabatua
32 x 45 x 9 cm (markoa barne) bakoitza

Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) errepresentazioaren zerizana eta hedabideek gaur eguneko historia ulertzeko eran duten eragina —irudiak baliatzeko moduen bidez— ikertzen ditu.

Gertuko inguruan arreta jartzen du artistak artelanak egiteko: zama historiko eta politiko handia duten irudiak bereganatzen ditu, eta ondoren horiek iraultzen, eraldatzen eta serie bihurtzen ditu. Titulurik gabea (1894ko irailaren 8a. La Ilustración Española y Americana) [Untitled (September 8, 1894. La Ilustración Española y Americana), 2007/13] eta Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961–1967 (Grafía Vasca; tipografía y ornamentación: 1961–1967, 2013) lanek, besteak beste, euskal kultura eta historia dute abiapuntu. Titulurik gabea (Los Angeles Times-en mikrofilmen artxibategia, 2007ko maiatza) [Untitled (Los Angeles Times Archive on Microfilm, May 2007), 2008] eta Titulurik gabea, osteguna, 2001eko azaroaren 1a, Los Angeles Times eta New York Times (Untitled, Thursday, November 1st, 2001, Los Angeles Times and New York Times, 2005–13) lanetan, aldiz, Los Angeles-i lotutako gaiak jorratu zituen; izan ere, bertan bizi da artista. Historiara jotzen du artistak, iraganekora zein egungora, irudien bidez; baita prozesuen bidez ere, antzinako zein zaharkitutako teknologiak erabiltzen baititu.

Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967 lana Garmendia, Maneros-Zalaba, Salaberria. Prozesua eta metodoa erakusketarako berariaz egindakoa da. Lan honetan kobrezko xafletan —39 guztira— erreproduzitu ditu Sine Nomine aldizkariaren orrialdeak. Aldizkari hori Egiz (1950–52) debekatu zutenean sortu zen, 1961ean, ezkutuan, eta euskal apaizek egin (ziklostil bidez) eta banatzen zuten. Artelan horretan ikus dezakezu artistaren interesa irudien ezaugarri formaletatik testuaren alde formaletara igaro dela; era berean, aurreko sailak beste moduan interpretatzen laguntzen digu. Neurri batean, Maneros Zabalak irudi- eta testu-dualtasuna ezabatzen du, aurreko lan batzuetan moduan, esaterako, Abstrazio ariketak (Exercises on Abstraction, 2007-13) sailean; bada, serie horretan, testua ikusezina zenez, abstrakzioa posible zen. Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961–1967 lanean ez du testudun orria zuzenean irarri; aitzitik, testua beharko lukeen lekua (matriza) adierazi du. Arkeologia moduko ekintza da hori, eta erreprodukzio mekanikoaren prozesua agerian uzten du, bai eta zaharkitutako teknika industrial jakin bat ere. 

Jatorrizko izenburua

Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967

Data

2013

Teknika / Materialak

Kobre-xafla gaineko grabatua

Neurriak

32 x 45 x 9 cm (markoa barne) bakoitza

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa