Guernica abiapuntu
2009/2020Liho gaineko UVI inprimaketa, bernizatua350 x 781 cm
José Manuel Ballesterrek Arte Ederretako lizentzia jaso zuen 1984an, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Lehen lanak XV. eta XVI. mendeetako Italiako eta Flandesko eskolen tekniketan oinarritu ziren. 1990. urtean pintura eta argazkiak uztartzen hasi zen eta, ordutik hona, haren lanetako asko barne zein kanpoko arkitektura-espazioen irudikapenak dira. Argazkigintza Sari Nazionala jaso zuen 2010ean, “arkitektura-espazioaren eta argiaren interpretazio apartarengatik eta argazkigintza-tekniken berrikuntzari egindako ekarpen bikainarengatik”.
Ballesterren iritziz, argazkigintzaren garapen teknologiko azkarrak arte-munduari gertuagotik begiratzea ahalbidetu die artistei zein ikusleei. Ballesterrek denbora kapsulatzea, etetea, bilatzen du argazkiaren bidez. Horretarako, ikuslea bizitzaren joan-etorrietatik ateratzen du, ez-espazio arkitektonikoetan murgilduz. Ballesterren xedea dira espazio hutsak, asmo du jendea beren arrasto eta islen bidez erretratatzea. Norbanakoaren bakardadea eta mundu modernoaren kontraesanak aztertzeko arkitekturaz baliatzen da, espazioak eszena artifizial bilakatzen ditu. Argiak leku garrantzitsua dauka, ezkutua eta ikus daitekeena, publikoa eta pribatua, gizakia adierazteko osagaiak baitira. Formatu handiko argazkiek interpretazio-aukera zabala eskaintzen dute; Ballesterrentzat, lanak ikuslea errealitatearen metamorfosian parte hartzera gonbidatzen du.
Guernica abiapuntu argazki-erreprodukzio bat da, Picassoren jatorrizko mihisearen tamaina bereko lihoaren gainean inprimatuta. Baliabide digitalak erabilita ekintzaren gunetik pertsonaia guztiak ezabatu ditu Ballesterrek. Modu horretan, barnealde arkitektonikoa, argi eta itzalen jolasarekin, Gernikako 1937ko bonbardaketaren lekuko mutu gisa geratzen da. Ballesterrek Picassok hautatutako denbora-sekuentzia ondorengo une batera eramaten du; bertan, protagonista guztiak desagertu dira baina, artistaren hitzetan, “gizagabetzearen seinaleak eta oraindik bizirik dirauen sutearen sugarrak presente daude, ezpatatik ateratzen den lorea bezala”.
Jatorrizko izenburua
Guernica abiapuntu
Data
2009/2020
Teknika / Materialak
Liho gaineko UVI inprimaketa, bernizatua
Informazio gehiago
Edizioa: 1 AP, 1 jatorrizkoa
Neurriak
350 x 781 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa