Ez dago ikusgai

Zure mundua, zure hiria

2003Aluminioa
Kokapen zehatzeko neurriak

Miquel Navarro valentziar eskultorearen obrak hiri-paisaiaren etengabeko bilaketa du ezaugarri. Pintore-heziketa edukitakoa, Navarro egitura- eta arkitektura-forma geometrikoen bi dimentsioko irudiak sortzen zituen hasieran: paisaia-zatiak edo irudimenezko hiriak. 1972an, banakako bere lehenengo erakusketaren urtea zuela, Navarro eskulturara aldatu zen eta, 1973an, bere lehenengo Hiriak (Ciudades) sortzen hasi zen. Horrelako instalazioak lurrean jartzen ditu batere oinarririk gabe, eta elkarrengandik banandutako hainbat tamainako, itxurako eta materialetako pieza geometrikoez osatzen ditu. Hasieran, terrakotaz egiten zituen baina, 1985etik aurrera, hainbat metal erabiltzen hasi zen: burdina, zinka eta aluminioa, adibidez. Bada, giza eskalako metropolien fikziozko topografia marrazten dute lanok eta eskulturaren eta arkitekturaren arteko jarduna sortzen dute. Navarroren miniatura-hiriak horizontalki hedatzen dira galeriako lurzoru guztitik, eta bertikalki altxatzen dira puntu batzuetan, garaiera aztoragarriko dorre falikoak bailiran. Hiri-hazkundea gogora ekartzen dute Hiriak lanek eta ildo horretatik gizakiak sortzen dituen paisaiaren aldakortasunari buruz artistak daukan esperientzia islatzen dute: 1950eko hamarkadatik aurrera, bere jaioterri Mislata, garai batean industria-gune txikiek zipriztindutako labore-lur zabalek inguratzen zutena, eraldatzen hasi zen, hurbileko Valentzia hedatzen ari baitzen.

Harresi-hiria (Ciudad muralla, 1995–2000) lana ez ezik, Guggenheim Bilbao Museoak Zure mundua, zure hiria (Tu mundo, tu ciudad, 2003)lana, artistak Museoarentzako bereziki sortutakoa, du bere bilduman. Elkareragiteko sortutako instalazio honek ikusleak bultzatzen ditu aluminiozko askotariko piezak jarriz eta birjarriz haien gogara hiri bat sortzeko. Parte-hartzaileei arkitekturan eta hiri-plangintzaren arloan sorkuntza-ekintza aztertzeko modua eman ez ezik, Zure mundua, zure hiria lanak eraikuntza- eta suntsipen-dinamika etengabea sortzen du; izan ere, hori da funtsezko ideietako bat Navarroren lanean.

Iturria:
Joos, Petra: "Miquel Navarro", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Zure mundua, zure hiria

Data

2003

Teknika / Materialak

Aluminioa

Neurriak

Kokapen zehatzeko neurriak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa