Une honetan ikusgai (305 aretoa)

Bidaia: hamar urte geroago

1961Akrilikoa mihise gainean
175,3 x 523,5 x 4,7 cm

Robert Motherwell 1940ko hamarkadan agertu zen eta askotariko artista abstraktu estatubatuarrak biltzen zituen taldeko gazteenetako bat zen; New Yorkeko Eskola deitu zioten talde horri, Motherwellek proposatu zuen izena, alegia. Jackson Pollockek, Mark Rothkok eta beste hainbat espresionista abstraktuk ez bezala, Motherwellek unibertsitatean eman zituen heziketa-urteak eta, bertan, filosofia estudiatu zuen, estetika batez ere, artearen historiara pasa baino lehen. Meyer Schapiro Columbiako Unibertsitateko artearen historialari nabarmenaren bidez, Bigarren Mundu Gerra piztean New Yorken aterpe hartu zuten Europako hainbat artista ezagutu zituen, bereziki Matta eta beste surrealista batzuk, eta haien metodo automatistek izugarri eragin zioten. 1941ean, Motherwellek artean jardutea erabaki zuen eta 1940ko hamarkadaren hasieratik erdialde arteko bere collageek eta pintura abstraktuek berehala erakarri zuten arreta. Lan horiek Peggy Guggenheimen Art of This Century museo-galerian jarri ziren erakusgai 1940an, eta Museum of Modern Arten 1946an. Estatu Batuetako artearen historian, bere pintore-lanek ez ezik, intelektual publiko lanetan izandako lorpen handiek eman zioten izena Motherwelli: inguruan zuen New Yorkeko artista-taldearen bozeramaile-lanetan aritu zen bereziki, eta hainbat idazki utzi zituen.

Motherwellen gai ugarik behin eta berriro errepikatu ziren bere arte-ibilbide osoan. Hasierako sentimenduak eta adierazpenak berrikusi ohi zituen, horiek aldatzeko eta horiei dimentsio berriak gehitzeko. Hori gertatu zen Bidaia: hamar urte geroago lanean (The Voyage: Ten Years After, 1961). Artistaren aurreko lana, Bidaia (The Voyage), 1949an egindako tamaina handiko pieza da, eta Motherwellek hormako pinturaren izaerari buruz lehen agertutako interesa adierazten du. Bertan, Kubismo Sintetikotik eratorritako hiztegi formala baliatzen zuen. Motherwellek azaldu zuenez, lan honek "Bidaia" Baudelaireren poema ospetsuari egiten dio erreferentzia; horren azken bertso-lerroak arrakasta-tonu batez adierazten du poetak gauza berriak aurkitzeko ezezagunaren hondora bidaiatzeko asmoa zuela [1]. Gai honetara itzuliz, Bidaia: hamar urte geroago lanak eta bere mugimendu izugarriak bilatze horren izaeraren inguruko Motherwellen jarrera askoz konplexuagoa islatzen du. Honetan ezer ez da lehenengo etapako forma kubistak bezain zurruna edo ziurra. Geroko lan honek ikuspegi horizontal nabarmena daukan arren, espazioak zabalagoak dira eta ez daude hain zehazki mugatuta. Hedatzen ari diren gune horiek aztertuz, ikuslea, lanaren tamaina horizontal handiak bultzatuta, giro nahiko desberdinetan sartzera behartuta dago. Pintura honetan, Motherwellek deskubritu berri zuen teknika baliatu zuen: erabateko askatasunez zipriztintzea; hartara, beti gogoan zuen zoria are gehiago nagusitu zen.

Oharra:
1. Dore Ashtonekin izandako elkarrizketa, honetan aipatzen dena, Ashton: "Robert Motherwell", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Iturria:
Dore Ashton: "Robert Motherwell", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

The Voyage: Ten Years After

Data

1961

Teknika / Materialak

Akrilikoa mihise gainean

Neurriak

175,3 x 523,5 x 4,7 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa