
Antzinaroan, urregileek irudi apaingarriak sortzen zituzten metalaren gainean ebakiak eginez. Askoz ere geroago, XV. mendean, beren diseinuen gainean tinta emanez haiek paper gainean estanpatzen hasi ziren, ziurrenik beren lanen lerroak egiaztatzeko edo haien erregistroa gordetzeko asmoz; horrela sortu zen ebakien bidez metalezko matrizeetan irudiak estanpatzearen ideia; grabatu-tekniketako bat, alegia.
Prozesu kalkografikoetan —gubilaren, akuafortearen edo urtintaren bidez egiten direnetan, adibidez—, arraboladun (zilindrodun) prentsa berezi bat behar da, xaflari presio handia eragin behar baitzaio tintaz blaitutako lerroak behar bezala eramateko gainazal metalikotik paperera. Era horretara, irudi bera behin eta berriro estanpatu daiteke.
GUBILA
Gubil bidezko grabatu kalkografikoa oso teknika erabilia izan zen Alemanian, aukera ematen baitzien artistei trebetasun eta plangintza handiak eskatzen zituzten xehetasunak eta tonu-gradazioak sortzeko.
Jarraian, gubil bidezko grabatuaren eredu bikain bat nabarmentzen dugu: Albrecht Dürerren Zalduna, heriotza eta deabrua (1513). Atal honetako ikus-entzunezkoak, gainera, teknika horri dagozkion prozesuak erakusten ditu.
ALBERTO DURERO. ZALDUNA, HERIOTZA ETA DEABRUA
Albrecht Dürer (1471–1528) inoiz izan den grabatzailerik handientzat hartzen da aurrerabide tekniko izugarriak lortu baitzituen tonu-gradazioak eta ehundura desberdinak irudikatzeko orduan. Haren estanpak oso garrantzitsuak izan ziren garai hartako artista gazteentzat, eta bere eraginak XX. mendera arte iraun zuen.
Zalduna, heriotza eta deabrua (1513, 205 aretoan ikusgai) Dürerren “estanpa nagusietako” bat da, hau da, artistak zeuzkan irudimen biziaren eta bikaintasun teknikoaren erakusle goren diren hiru grabatuetako bat.
Hizpide dugun lanean, Dürerrek elkar gurutzatzen diren lerroen bilbe korapilatsu bat baliatu zuen lana osatzen duten figura eta xehetasun guztiak adierazteko. Begiratu arretaz nolako maisutasunez irudikatuta dagoen Errenazimentuko zaldi-estatuak gogorarazten dituen zaldiaren anatomia.
AKUAFORTEA
Akuafortearen teknika ere Alemanian sortu zen, eta oso erabilia izan zen margolarien artean, aukera ematen baitzien oso adierazkorrak ziren lerroak lortzeko (marrazkietan egin zitzaketenen antzekoak). Hala ere, gubil bidezko grabatuetan ez bezala, akuafortean tresna gehiago behar dira.
KÄTHE KOLLWITZ. AUTORRETRATUA
Käthe Kollwitz (1867–1945) XX. mendeko estanpatzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Hasiera batean margolari gisa jardun bazuen ere, 1890. urteaz geroztik akuaforteak egiten aritu zen buru-belarri, eta, ondoren, litografiara jo zuen, baita xilografiara ere 1911. urtetik aurrera. Besteak beste, heriotza, galera eta Berlingo proletarioek jasaten zituzten bidegabekeriak jorratzen zituen gai gisa, eta modu berezian zentratzen zen amatasunaren eta seme-alaben gaian ere.
Kollwitzek hainbat estanpazio-proba egiten zituen bere prozesu artistikoan, eta konposizioa doitu eta gero, matrizera eramaten zituen; beharrezkoa izanez gero, beste erreprodukzio-prozesu batzuk erabiltzen zituen bere ideiak nahi bezala adierazteko.
Bere bizitzan zehar, Kollwitzek ehun autorretratu baino gehiago sortu zituen hainbat teknikaren bidez; horietako bat da 207 aretoan ikusgai dagoen lana, 1910ean egina. Behatu nola lortu zuen Kollwitzek etsipena irudikatzea begiradaren inguruko argi-ilunen arteko kontraste sakona osatzen duten keinu-lerroen bitartez.
Erakusketan ikusgai dagoen Käthe Kollwitzen Autorretratua akuaforteak eta atal honetako ikus-entzunezkoak agerian uzten dituzte teknika horri dagokion prozesuaren fase guztiak.
Image from the documentary film Images in stone, Wood and copper. #3 Printmaking: Etching by the Collection of Prints and Drawings of the Museum of Fine Arts, Budapest (2024)