
Online arte-ikastaroa: Artea eta makinak: Lokomotorretik adimen artifizialera
Prezioa
64 € Lagunak / 80 € jarraitzaileak eta publiko orokorra
Artearen eta makinen arteko lotura historikoa ukaezina da, eta horixe izango da online ikastaro honen ardatza. Errenazimenduan, makinak funtsezkoak izan ziren batez ere arkitekturaren arloan eta perspektiba-estudioetan; horrela, margolariek eta eskultoreek horietara jotzen zuten. XIX. mendean, Industria Iraultza inflexio-puntua izan zen material berrien erabileran; hala nola, burdina, hormigoia eta kristala. Makinak modernitatearen eta aurrerapenaren irudi bihurtu ziren, eta garai hartan sortzeko asmatutako tresna berrien artean, argazki-kamera eta zinematografoa daude. XX. mendean, argazkigintza eta zinema finkatu egin ziren, mekanismo zinetiko eta robotizatuak, eta bideo-instalazio konplexuak sortu ziren, oraintsuago, adimen artifizialaren bidez ekoitzitako lanak sortzen ari dira.
Hala ere, nahiz eta hasiera batean gizakiak sortutako makinak ekoizpen artistikorako modu berriak garatzen laguntzeko gai izan —eta gizartearen eraldaketak eta munduaren giza pertzepzioa islatzeko balio izan badute ere—; makinak artean erabiltzeak eztabaida biziak piztu ditu beti, batik bat sormen-prozesuetan betetzen duten zereginari dagokionean, artisau-tekniken edo teknika “konbentzionalagoen” aurrean.
Ikastaroa diziplina anitzak lantzen dituen Josu Rekalde artistak emango du. Haren lanean, bideo esperimentala, instalazio eskultorikoa eta teknologia berriak aurki ditzakegu. Irakasle katedraduna izan da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatean.
Dedikazioa: 6 ordu, zure erritmoan
Publikoa: heldua, arte garaikidean interesatua
Hizkuntza: gaztelania
Sarbidea: online plataformaren bidez
4 modulu, 16 bideoklase eta material gehigarriak
Ziurtapen automatikoa, ikastaroa amaitu ondoren
ZER IKASIKO DUGU?
- Artearen eta makinen arteko erlazioa XIX. mendetik gaur egunera arte ezagutzeko aukera ematen duten adibideak eta gakoak.
- Protagonista nagusien obra nahiz beste lan garrantzitsu batzuk.
- Ekoizpen artistikorako beste modu batzuk, teknologikoak ez diren sorkuntzekin edo sorkuntza “konbentzionalagoekin” batera egiten direnak, arte modernoaren eta garaikidearen inguruko diskurtsoa eta ezagutza zabaltzeko.
- Artistaren inpaktu soziala eta zeregin berria adimen artifizialaren garaian.
PROGRAMA
Ondorengo lau modulu tematikoak eta artisten adibide batzuk proposatzen dira:
I. Modulua: Makina, irudikapen-objektu eta modernitatearen sinbolo gisa
XIX. mendean, Industria Iraultzarekin batera, makinek gorakada izan zuten ekoizpen masiboko motor gisa, eta horrek artea ere eraldatu zuen. Inpresionismoa eta Futurismoa bezalako mugimenduek makineria eta aurrerapen teknologikoak aurrerabidearen, dinamismoaren eta modernitatearen sinbolo gisa irudikatzen hasi ziren.
- Bideoa: William Turnerretik Inpresionismora
- Bideoa: Zinemaren makina berria
- Bideoa: Fernand Léger eta forma industrial eta mekanikoen irudikapen piktorikoa
- Bideoa: Futurismoa: makinen abiadura eta boterea goraipatzea
II. Modulua: Argia eta mugimendua, material artistiko berriak
XX. mendearen hasiera aldera, makineria aldaketa artistiko eta sozialerako tresna gisa erabiltzeko aukera mugimendu iraultzaile batzuen eta ekoizpen artistikoaren forma tradizionalak alde batera utzi zituzten beste batzuen postulatu bihurtu zen. Era berean, artean mugimendudun elementuak eta zinetikoak sartu ziren, eta arte-praktikatzat onartuak izan ziren.
- Bideoa: Konstruktibismoa: Antoine Pevsner, Naum Gabo, Vladimir Tatlin
- Bideoa: Dadaismoa eta Surrealismoa: Francis Picabia, Marcel Duchamp, Man Ray
- Bideoa: Mugikorrak: Laszlo Moholy-Nagy, Alexander Calder
- Bideoa: Arte Zinetikoa: Jean Tinguely, Theo Jansen
III. Modulua: Gorputzak eta makinak
Giza-gorputzak teknologiarekiko duen tokia aztertzeak ekoizpen artistikorako bideak zabaldu ditu, batez ere joan den mendeko hirurogeiko hamarkadatik gaur egunera arte. Izan ere, gai horrek eztabaida eragin du gorputzaren eta makinaren arteko hibridazioak ekarri dituen ondorio sozial eta antropologikoen inguruan, bai eta artean sortu diren esperimentatzeko modu berrien inguruan ere.
- Bideoa: Artea eta robotika: Nam June Paik, Marcel.lí Antúnez
- Bideoa: Ciborg-ak arte garaikidean: Stelarc eta Orlan, Neil Harbisson
- Bideoa: Bideokamerak, errealitatea ikusteko modu berriak: Peter Weibel, Michael Snow
- Bideoa: Multimedia instalazioak: Yayoi Kusama, Edwin van der Heide, Marck Leckey
IV. Modulua: Etorkizunera begira: arte digitaletik artea egiteko modu berrietara
1960ko hamarkadan arte digitala sortu zenetik, sormen artistikorako lehen ordenagailuak erabiltzen hasi ziren artistak. Geroago, adimen artifiziala erabilita, artistaren kontzeptu tradizionala eta rola gainditzen duten lanak sortu ziren, eta artearen eta zientziaren arteko hibridazioak errealitatea ulertzeko ikuspegi berriak irekitzen hasiak dira.
- Bideoa: Arte Konputazionala: Vera Molnár, Michael Noll, UCMko Kalkulu Zentroa (José María Yturralde, Elena Asins)
- Bideoa: Net.art edo Interneten Artea: Vuk Cósic, Olia Lialina, Daniel Guzman
- Bideoa: Adimen Artifiziala eta Arte Generatiboa: Refik Anadol
- Bideoa: Artea eta zientzia: etorkizuneko galderak.
Juan Muñoz
Itzala eta ahoa
1997/2017
Poliester-erretxina, oihala, pigmentua, zura eta motorra
Guggenheim Bilbao Museoa
Prezioa
64 € Lagunak / 80 € jarraitzaileak eta publiko orokorra