
Irudi digitaleko ikastaroa: begiratzen ikasi
Prezioa
Saio solteak: 7 € Lagunek / 9 € publikoak oro har
Ikastaro honetan, irudi digitalaren bidez istorioak kontatzen ikasiko dugu, eta argazkigintzaren erabilera irudimentsu eta aktiboa sustatuko dugu baita ere. Errealitatea hautemateko dauden ikuspegi desberdinen inguruan hausnartuz, inguruan barra-barra ditugun irudien aurrean begirada kritikoa garatzea da helburua.
Argazkiak bitarteko eta tresna gisa erabilita, lehen begiratuan ikusten den errealitatea eraldatzeko eta urrunago iristeko modu irudimentsuak bilatuko ditugu, gure ikuspegitik transmititu nahi duguna erakustearren.
Talde-lana bultzatuko dugu irudiak planifikatu eta asmatzeko orduan, sormena erabiliko dugu planteatutako gaiei irtenbidea emateko, eta jolasa, esperimentazioa eta irudimena baliatuko ditugu. Yoshitomo Nara, Anthony McCall eta Paul Pfeiffer artisten erakusketak bisitatuko ditugu inspirazio bila.
Telefono mugikorra edo tableta ekarri ahalko dira argazkiak egiteko, baina kamerak ere egongo dira horiek erabiltzea nahiago dutenentzat. Jardueran izena emateko ezinbestekoa da saioetan zehar partaideen irudiak hartzeko baimena onartzea. Baimen hori tutoreei bidaliko diegu jarduera hasi aurretik sina dezaten.
Ikastaroa tailer progresibotan banatu da:
Martxoak 30: Gorputza paisaia gisa: enkoadratze-kontu bat
Argazkien enkoadraketa-mota desberdinak praktikan jarriko ditugu, gure gorputzak motibo gisa erabilita. Abstrakzio ariketak egingo ditugu: gure irudia, gure arropa edo azalaren tolesturak zeruertz, laku, mendi edo bide lerro bilakatuko dira.
Apirilak 6: Zer egin dezake makina batek norbaiten oroitzapenekin?
Refik Anadolek egindako galdera hori abiapuntutzat hartuta, irudia aztertuko dugu adimen artifizialaren garaian. Artista horren obran murgilduko gara, eta bost zentzumenekin bizi dugun esperientziari erreparatuko diogu. Zertzelada askeak jasoko ditugu, ondoren irudi-sorgailu batean sartzeko eta emaitzen inguruan gogoeta egiteko.
Maiatzak 11: Iluntasuna polita da
Iluntasunean ezkutuan geratzen diren eta lehen begiratuan oharkabean pasatzen diren gauza asko egoten dira. Guk horiek bilatu eta gure kamerekin harrapatzen ikasiko dugu. Era horretan, misterio eta aurkikuntzako munduan murgilduko gara, ikusezina ikusgarri bihurtuz.
Maiatzak 18: Ura, islak eta ponpak
Ura gaitzat hartuta, mugitzen ari den urari argazkiak garbiak ateratzen ikasiko dugu. Gainera, uraren islak aztertuko ditugu, begirada desberdinak bilatuz eta jolas batzuk planteatuz, gure garunak erreala zer den eta zer ez den erabakitzeko. Anish Kapoorren eskulturan sortzen diren milaka islak inspirazio izango ditugu gure ikerketan.
Maiatzak 24: Photocall
Gure espazioa diseinatzen ikasiko dugu argazkiak ateratzeko: argiztapena, atzealdea, irudien antolaketa eta bestelakoak kontuan hartuta. Protagonista gisa arituko garen azken saio dibertigarri batean.
Saioaren gidariak: Borja Gomez, Aitziber Aguirre
Igandeak, 10:15
Iraupena: 90 min.
Adina: 9–12 urte
Hizkuntza: ele bitan (gaztelaniaz eta euskaraz)
Plaza-kopurua mugatua da
Prezioa
Saio solteak: 7 € Lagunek / 9 € publikoak oro har