
Artea &… (Adina: 6–10)
Prezioa
5 € Museoaren Lagunek / 7 € publikoak oro har
Lekua
Topagunea: Taldeen txarteldegia
Artea & ekintza. Martxoak 2, igandea (BERTAN BEHERA UTZITA)
Performance bat asmatzeak eta bertan parte hartzeak artistek bezala pentsatzen lagunduko digu. Performance generoak esploraziora eta interakziora gonbidatzen gaitu; hots, artean parte hartzeko modu irekia da. Lau funtsezko zutabe ditu: gorputza, espazioa, denbora eta partekatutako presentzia. Modu praktiko eta dibertigarrian, lau kontzeptu horiekin jolas egingo dugu performancea ezagutzeko. Era horretan, sormen-prozesuan murgiltzeko aukera izango dugu, ondoren geure performancea sortu ahal izateko.
Lehendabizi, artista ezberdinak performancea nola erabiltzen duten aztertuko dugu, haien hizkuntza artistikoen aberastasuna ezagutuz. Ondoren, espazioan zehar mugituko gara, gure gorputzaren mugimenduaren eta adierazkortasunaren aukerak ezagutzeko diseinatutako erronkei aurre eginez. Zutik eta geldi egotetik, haizeak kulunkaturiko zuhaitzen antza hartuta, mugimendua gehituz joango gara oihanean zehar dabiltzan animalia bihurtu arte. Horrela, espazioa gure gorputzarekin arakatuko dugu, bertan nola sentitzen garen hausnartzearekin batera.
Esperientzia honen parte izango dira, halaber, denboraren kontzeptua eta guk horren inguruan dugun pertzepzioa. Besteekiko interakzioak, elkarrekiko konfiantzak eta musikaren eta soinuaren erabilerak lan hau aberastuko dute.
Tailerrean parte hartzea ez datza bakarrik antzeztu, erreproduzitu edo imitatzean. Izan ere, parte hartzaileek askatasun osoarekin aukeratuko dituzte erabili nahi dituzten arte-baliabideak, sormenari bidea irekiz. Azkenean sortutako performanceak modu askotako osagaiak izan ditzake: soinua, argia, kolorea, mugimendua, hitza… . Jardueraren helburua da esperientzia artistikoak hainbat arlotara zabaltzea, eta, aldi berean, trebetasun sozialak eta komunikatiboak sustatzea.
Saioaren gidaria: Adria Parravicini
Artea & mugimendua. Martxoak 9, igandea
Mugimendua marraztuz saioa artearen eta gorputzaren artean egon daitekeen erlazioaren azterketan oinarritzen da. Eskuarekin marrazteaz gain, gorputz osoak hartuko du parte sormen-ekintzan. Jauzi egitea, biratzea, barre egitea, dantza egitea edo espazioan zehar mugitzea bezalako jardueren bitartez, gure ekintza fisikoak trazu grafikoan nola eragiten duen esperimentatuko dugu eta, alderantziz, trazuak mugimenduan.
Ariketa libre eta intuitibo batzuen bidez, ia tresnarik gabe, mugitzen zaren bitartean koloretako pinturekin zure arrastoa utziko duzu. Eta onena da horretarako ez duzula marrazten edo dantzatzen jakin behar: lerroak, orbanak eta markak sor ditzakezu jarduera errazenekin, baita airea astinduz ere.
Jolasteko, esperimentatzeko eta sortzeko espazioa eskainiko dizugu, irudimenari bidea irekiz eta gorputzak tresna artistiko gisa duen potentziala aztertuz. Zure familiarekin, bikotearekin, bakarka edo ezezagun batekin mugitu ahal izango zara. Aukera paregabea izango duzu forma, kolore eta soinu jakin batzuek iradokitzen dizutena ezagutzeko eta zure desplazamenduaren, espazioaren eta zeinu grafikoen arteko harremana esploratzeko, erabat murgiltzailea den esperientzia baten bidez.
Ikuspegi horrek haur zein helduei aukera ematen die sarritan bereizitzat jotzen diren bi hizkuntzaren arteko batasuna esploratzeko: mugimendua eta marrazkia. Besteak beste, esplorazio librea, adimenaren eta gorputzaren arteko konexioa eta sormen integralago bat garatzea sustatzen ditu.
Simona Lobefaroren eta Alessandro Lumareren (Segni Mossi) ikerketa-prozesuan inspiratuta, tailerrak adierazpen librea eta gizakiak arrastoa uzteko duen joera sustatzen ditu. Zatoz zurea uztera! Dena jolas eran egingo da, barrea eta emozio handia eragin dezakeen jolasa!
Saioaren gidaria: VACA rules!
Ordua: 6–10 urteko talde 1
Iraupena: 90 min.
Hizkuntza: gaztelania
Plaza-kopurua mugatua da
Prezioa
5 € Museoaren Lagunek / 7 € publikoak oro har
Lekua
Topagunea: Taldeen txarteldegia