DelaunayCiudad moderna

Zuhaitzdun Eiffel dorrea

Zuhaitzdun Eiffel dorrea (Tour Eiffel aux arbres), 1910eko uda
Olio-pintura mihise gainean
126,4 x 92,8 cm
Solomon R. Guggenheim Museoa, New York
Solomon R. Guggenheim Sortze Bilduma

Robert Delaunayrentzat (Paris, 1885–Montpellier, Frantzia, 1941), Eiffel dorrea, 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalerako eraikia, modernitatearen sinbolo bihurtu zen, garaiko literatura eta arte arloetako pertsonaia askorentzat bezala. Delaunayk Europako mugak ezabatzea eta Europa komunitate global bihurtutzea zuen amets, eta Eiffel dorrea, irrati-dorre bat zen aldetik, nazioarteko komunikazioen erakusgarria zen. Delaunayk dorrea lehenengo aldiz pintatu zuen Sonia Terk artista lagun errusiarrarekin 1909an hartutako ezkon-hitza ospatzeko. Gutxienez, hogeita hamar artelanen gai bihurtu zuen hurrengo urteetan eta, berriz ere, 1920ko hamarkadan.

Delaunayk Eiffel dorrerako, hasieran, kolore-sorta mugatua eta bloke moduko formak baliatu zituen. Konposizio bakoitzaren erdi-erdian kokatu zuen Eiffel dorreak eta hala pinturak erretratu baten emozio sinbolikoa hartzen du. Zuhaitzdun Eiffel dorrea (Tour Eiffel aux arbres) pinturaren irudikapena dinamikoagoa da eta aldaketa bat erakusten du artistaren estiloan. Delaunayk hainbat ikuspuntutatik erakutsi zuen dorrea, hainbat inpresio aldi batean aditzera emateko eta laburbiltzeko. Adierazgarria da margolan hau Parisen ez zegoenean pintatu zuela: buruz lan egin zuen.

Zuhaitzdun Eiffel dorreak Delaunayren “suntsipen” etapari ematen dio hasiera, berak azaldu zuen bezala: bere artelan goiztiarrenetan, forma solidoa zatikatu egiten da, eta irudikatutakoa “erortzen”, “desegiten” hasten da. Delaunayk aukeratutako gaiak, dorreak, espazio handien, giroaren eta argiaren ideian murgiltzeko modua ematen zion, eta, aldi berean, modernitatearen eta aurrerabidearen ikur bat erakuts zezakeen. Delaunayren estilo-aurrerabide horiek mende berri bat ematen dute aditzera, baita lekualdaketa bat ere: hirirantz.

Delaunayren irudi asko errezelek inguratutako leiho batetik ikusten dira. Eiffel dorrea artelanean, dorrearen alboetako eraikinak makurtu egiten dira gortinak balira bezala. Leihoaren ikuspuntuaren bidez, Eiffel dorrearen seriean, barrualdea eta kanpoaldea konbinatzen dira; leiho irekiak ideia tradizional, erromantiko bat ekartzen du gogora.

Preguntas

Robert Delaunayren pintura klaseari erakutsi aurretik, proiektatu Eiffel dorrearen argazki bat. Interneten, antzinako argazki zaharrak ere aurki ditzakezu. Badakigu Robert Delaunayk Eiffel dorrearen postal bat baino gehiago zeuzkala, eta litekeena da horiek bere margolanetarako erreferentzia moduan erabili izana.

Galdetu ikasleei zerk ematen dien arreta eta zer ezagutzen duten Eiffel dorreari buruz. Testuingurua ulertzeko informazioa ere eman dezakezu, ikasleak ohar daitezen Eiffel dorrea, arkitektura-egitura harrigarria izateaz gain, Parisen modernitatearen ikurra zela.

Erakutsi Zuhaitzdun Eiffel dorrea (1910eko uda).

Zertan dator bat edo bereizten da Delaunayren pintura Eiffel dorrearen argazkiarekin? Zein adjektibo erabiliko zenuke artelan hau deskribatzeko?

Bere bizitzan, Delaunayk arreta berezia jarri zien toki jakin batzuei (batzuek diotenez, haiekin itsututa zegoen), eta behin eta berriz pintatu zituen. Behin eta berriro aztertzeko toki bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke? Zergatik?