Place Vintimille, 1909–10
“Bi joera ditut nire baitan: kanpoko pertzepzioaren azterketa, esperientzia mingarriz betea, nire umore eta nire nerbioentzako arriskutsua dena. Eta dekorazio piktorikoaren azterketa (…), langilearen lasaitasuna eskaini behar liratekeena”[1].
Édouard Vuillard (1868–1940) 1868an jaio zen Cuiseaux herri frantziar txikian, Suitzako mugatik gertu. Bederatzi urte zituela, familiarekin Parisera joan zen bizitzera. Aita, ejertzitoko ofizial erretiratua, handik urte batzuetara hil zen, eta Marie, ama, hiru seme-alabarekin eta errenta eskas batekin utzi zuen. Bera ehun-diseinatzaileen familiakoa zen, eta, bizimodua ateratzeko, lentzeria bat eduki zuen lehenik, eta joskintzako negozioa zabaldu zuen ondoren, familiak bizileku izan zituen Parisko apartamentu ezberdinetan.
Édouard amarekin bizi zen joskintzako tailerrean lan egiten zuten emakumez eta ehunez inguratua; ama izan zuen babesik handiena beti. Haren pinturetan, Vuillard objektuz betetako barruko eszenetara mugatzen zen gehienbat; objektuz betetako tokiak izaten ziren, baina goxoak, eta ama eta arreba maiz erabiltzen zituen modelo gisa. Eszena horietan, motibo estanpatu ugari agertzen dira —pintatutako papera, tapizak eta jantzien oihalak— elkarren alboan ipiniak, konposizio nabarretan collage baten antzeko efektua sortzeko.
1888an, Vuillardek Jean-Léon Gérôme-rekin ikasi zuen tarte labur batez École des Beaux-Arts Eskolan, baina ez zitzaion ikuspegi kontserbadorea gustatu. Beranduago, urte berean, Académie Julian zentrora igaro zen, eta, han, arte akademikoa zein inpresionismoa ukatzen zuten artista gazteak ezagutu zituen. Vuillard harremanetan jarri zen Nabis bezala ezagutzen zen taldearekin. Mendearen amaiera aldera, eskala handiko mural deigarriak eta dekoratzeko bionboak egiten ari zen, eta, aurrerago, familia frantses dirudunen erretratuak egin zituen. Nahiz eta Vuillarden arteak figuratiboa izaten jarraitu, azalera piktorikoan erabat oinarritutako haren ikuspegiak —hondo lautua, batzuetan pintatu gabea, inguruan integratzen ziren irudiekin dekoratua— XX. mendean nagusituko ziren abstrakzio-elementuetako batzuk iragarri zituen.
1908an, Vuillard eta ama rue de Calais-ko 16. eraikinean kokatutako apartamentu batera (kantoian zegoena) joan ziren bizitzera, Place Vintimille alderako ikuspegiak zituena (gaur egun, “Place Adolphe Max” bezala ezagutzen dena). Garai hartan, egun bezala, parke txikiak, zuhaitz lerdenekin eta XIX. mendeko Hector Berlioz konpositorearen estatuarekin, inguru lasaia eskaintzen zien paseatzaileei, turistei, jolasten zuten haurrei eta haurtzainei. Hurrengo hogei urteetan zehar, Vuillardek parke hori marraztu eta margotu zuen, horren argazkiak egitearekin batera, imajina daitezkeen ikuspuntu eta ikuspegi guztietatik.
Auzo horretan igaro zuen Vuillardek bere gaztaroa, eta bertan bizi ziren lagun eta artista lankide ugari. Thannhauser bildumako bi paneletan, bosgarren solairuan zegoen apartamentuko leihoak eskaintzen zituen kanpoko ikuspegia irudikatzen da; ohol bakoitzean xehetasun handiz agertzen dira eguneko ordu bat eta baldintza meteorologiko ezberdinak nahiz xehetasun espezifikoak, artistaren behaketa zehatzaren fruitu. Place Vintimille-ren bi ikuspegi hauek beste lau paneleko multzo zabalagoaren barnean sartzen dira; Vuillardek 1908 eta 1910 urteen artean egin zituen, Henry Bernstein dramagile ospetsuaren enkargua betetzeko. Lanek ez dute osotasun etengabe bat eratzen, baizik eta parkeak deskribatzen duen elipsearen sektore ezberdinak hartzen dituzte. Gaur egun, Berliozen estatua idulki baxuagoan kokatzen bada ere, parke txikia eta inguruko etxeak ia ukitu gabe mantentzen dira.
Preguntas
Erakutsi klasean Place Vintimille, 1908–10 eta ikasleei ondorengoa eskatu: deskribatu zer ikusten duzuen pintura hauetan. Non gaude? Noiz? Nola dakizue? Zer-nolako jarduerak ikusten dituzue?
Urteko zein urtaro irudikatzen da koadro hauetan?
Asteko zein egun eta eguneko zein ordu egon litezke islatuta? Arrazoitu zuren erantzunak pinturetatik ateratako behaketa espezifikoekin.
Eman kalean agertzen diren pertsonek aurre egin beharreko baldintza atmosferikoak deskribatzen dituen “mezu meteorologiko” bat. Zer-nolako arropa jantziko zenuke honako hau bezalako egun batean?
Zein lekutan aritu ote zen artista margotzen? Nola dakizue?
Nolako itxura izan dezake Place Vintimille-k gaur egun? Aipatu zer-nolako gauzak aldatuko ziren. Zuen ustez, zergatik erabaki zuen Vuillardek parke beraren inguruan hainbeste panel pintatzea?
Zertan du antza parke honek zuen auzoko parkearekin? Zertan da ezberdina?