Koilara-emakumea (Femme cuillère), 1927
“Asko interesatzen zait artea, baina, senez, askoz ere gehiago egia […] Zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta gehiago ikusten dut desberdin”[1].
14 urte zituela, Alberto Giacomettik (1901–1966) Diego anaiaren bustoa zizelkatu zuen aitaren estudioan, eta, apur bat geroago, bere lehenengo olio-pintura egin zuen: Natura hila sagarrekin. 20 urterekin, Parisera joan zen, Émile-Antoine Bourdelle eskultorearekin Grande Chaumière akademian ikasteko. Bertan, lehenengo abangoardia artistikoen irakinaldi kulturalean hartu zuen parte, eta mendebaldekoak ez diren beste herri batzuetako ekoizpen artistikoa eta kultura grekoa ezagutu zituen.
1925 eta 1965 artean, Giacomettiren ekoizpen artistikoa bat etorri zen modernitateko mugimenduekin: kubismoa, surrealismoa, abstrakzioa, eta berriz ere figuraziora itzultzea. Garai hartan, haren obrak espirituala den horretan sakondu zuen, giza figura gizakiaren sintesi sinboliko gisa erabilita. 1926an, Giacomettik arte afrikarrean jarri zuen arreta. Eragin hori ez zen berria aurreko belaunaldiko artista modernoentzat; besteak beste, Picasso eta Derain-entzat. Parisko Louvre museoan ikusi zituen Giacomettik Ziklade irletako estatua klasiko grekoak, eta horietan oinarrituta, eskulturaren eta planoaren arteko harremana aztertu zuen. Museo Etnografikora joaten zen askotan, eta abangoardiako aldizkariak irakurri ohi zituen; adibidez, Cahiers d’art eta Documents. Argitalpen horietan ikusten denez, garai hartan mendebaldekoa ez den artea zuten gustuko.
1927an, eragin horiek Koilara-emakumea obran laburbildu ziren. Koilara-emakumea igeltsuan sortu zuen, eta, gero, brontzean moldatu; etapa honetako pieza monumentala da. Kubismoaren berezko geometria, arte afrikarreko forma estilizatuak eta Europako modernitatearen sinpletasun formala interpretatzen ditu pieza honetan Giacomettik. Eskulturak abdomen ahur handi bat du, emakumezkoen umetokia balitz bezala; Dan kultura afrikarreko koilara zeremonial antropomorfoetan inspiratuta dago, eta oparotasunari gorazarre egiten dio.
Mendebaldekoa ez den arteak eragin iraunkorra izan zuen Giacomettiren ekoizpenean; irudikapen naturalista eta akademikotik urruntzea ahalbidetu zion, eta interpretazio magikoz betetako giza figuraren ikuspegi totemikora eta irudikapenera hurbiltzea. Giacomettik koilara zeremonialen metafora ere aztertu zuen obra honetan.
Preguntas
Behatu arretaz Alberto Giacomettiren obra hau. Zuen ustez, zer irudikatzen du eskultura honek? Zer iruditzen zaizue deigarria?
Koilara-emakumea du izena. Zuen ustez, nola egiten dute bat izenak eta obrak? Alderdiren batean ez al datoz bat? Zer alderditan? Zer beste figura/pertsonaia irudika lezake? Izena aldatzerik bazenute, zein jarriko zeniokete?
Hartu kontuan ikuspegi praktikoa: koilara bat balitz, zer abantaila edo desabantaila izango lituzke koilara arrunt baten aldean? Nolakoak izango lirateke koilara horrekin egongo liratekeen labana eta sardexka? Marraztu egin ditzakezue; gero, gainerako ikaskideei erakutsi beharko diezue marrazkia. Zer antzekotasun eta desberdintasun daude zuen diseinuen artean?
Zuen ustez, zergatik lotu ditu artistak koilara baten forma eta emakume batena? Nola aldatuko litzateke eskultura gizon baten figura iradokiko balu?
1920ko hamarkadaren erdialdetik, Giacometti eta beste artista asko (adibidez, Pablo Picasso, Man Ray eta Constantin Brancusi) liluratuta geratu ziren arte afrikarra ikertzen hasi zirenean. Sarean, bilatu artista horien obren irudiak; bilatzailean, idatzi artistaren izena eta “arte afrikarra”. Zuen ustez, zergatik ikertu nahi izan zituzten Europako artista horiek mendebaldekoak ez ziren herrietako adierazpen plastikoak? Zer ekarpen egiten die objektu afrikar horiek ezagutzeak beren praktika artistikoetarako? Nola zabaltzen ote ziren ideia horiek garaiko intelektualen artean?