Klasizismoaren alde iluna
Garai bakoitzak iraganeko aro jakin batekin, hura bezain heroikoa den batekin, lotuko duen zerbait bilatzen du artean. Grekoak eta erromatarrak teutoien hurbilekoak dira bat-batean1.
Bai Italiako faxistek bai Alemaniako naziek artea propagandarako erabili zuten batzuetan. Adolf Hitlerrek (1889—1945), gaztetan artista izan nahi izan zuenak, klasizismoaren alde egin zuen eta estilo esperimentalagoak gutxietsi zituen. Naziek arte kritika debekatu zuten eta 1937an Alemaniako museoetako artelan moderno ia guztiak konfiskatu zituzten (5.000 lan inguru lehen saioan). Horietatik 650 aukeratu eta Entartete Kunst (Arte galdua, 1937) izeneko erakusketa batean aurkeztu zituzten arte modernoaren izaera ustela jasota gera zedin. Ikusgai izan ziren, besteren artean, honako artisten lanak: Marc Chagall (1887—1985), Max Ernst (1879—1976), Vasily Kandinsky (1866—1944) eta Paul Klee (1879—1940).
Naziek haien indarra erakutsi nahi izan zuten 1936ko Berlineko Olinpiar Jokoetan nazionalsozialisten gorputza berritxuratzean. Antzinako Greziaren antzerako estadio eta handikeriaren laguntzaz, Hirugarren Reich-a Antzinaro klasikoarekin lotzeko aukera eskaini zieten joko horiek. Espainiak beste herrialde batzuekin bat egin zuen olinpiar joko horiek boikotatzeko, nazien alderdiak arraza nagusi baten gailentasunaren inguruko ideiak ez baitziren bateragarriak olinpiar espirituarekin. Bartzelonan ekitaldi bat antolatu zen aldi berean: Herri Olinpiada. Hala ere, bertan behera utzi behar izan zuten, jokoak hasi baino egun bat lehenago Gerra Zibila piztu baitzen.
1936ko Berlineko Olinpiar Jokoen horma-irudi ofiziala lehiaketa batean aukeratu zuten: Franz Würbel Berlineko pintore eta artista grafikoa izan zen irabazlea. Hautatutako kartelean Brandenburgeko atea irudikatu zuen Berlinen mugarri arkitektoniko gisa, baita ereinotzezko koroa daraman irabazle bat ere, besoarekin agur olinpikoa egiten ari dena. Horrez gain, hondoan bost uztaiak zeuden eta "Duitschland, Berlijn-1936, 1-16 augustus Olympische Spelen" (Berlineko Olinpiar Jokoak, Alemania, 1936ko abuztuak 1-16) esaldia ate gainean idatzita. Kartela mundu osotik zehar erakutsi eta banatu zuten2.
Oharrak
1Adolph Hitler, hitzaldia, Nurenberg, 1935eko irailaren 11n, honetan aipatua: Silver, Kenneth E.: "Un yo más perdurable", in Silver, Caos y clasicismo: arte en Francia, Italia, Alemania y España, 1918—1936, erak. kat., Bilbo, Guggenheim Bilbao Museoa; New York, Solomon R. Guggenheim Foundation, 2010, 46. or.
2"Olympic Games Poster 1936 Berlin", Olympic Games Museum, http://olympic-museum.de/poster/poster1936.htm.
Preguntas
Erakutsi ikasleei Berlineko Olinpiar Jokoen horma-irudia (bertsio holandarra), 1936
- Horma-irudia deskribatzeko eskatu ikasleei. Zer-nolako informazioa helarazten du? Testuak nahiz irudiek aditzera ematen dituzten ideiak hartu behar dituzte kontuan.
- Irudian sinbolo ugari dago, esaterako, Brandenburgeko atea, uztai olinpikoak eta ereinotzezko koroa. Horiek ikertu behar dituzte ikasleek.? Elementu bakoitzaren esanahia jakiteak baldintzatzen al ditu horma-irudia ulertzeko? Nola?
- Joan den mendeko olinpiar jokoetako kartelak bilatu helbide honetan: http://www.mapsofworld.com/olympic-trivia/olympic-poster.html. Zer-nolako bilakaera izan dute diseinuek? Antzik al dute? 1936ko Berlineko Olinpiar Jokoen irudiak XXI. mendeko jokoetarako balioko lukeela uste al dute? Zergatik?
- “Propaganda” hitza “sinboloen, banderen, monumentuen, hitzaldien eta argitalpenen bidezko iritzi publikoaren eta ideia politikoen manipulazio sistematikoa”1 deskribatzeko erabili ohi da. Horma-irudia propaganda, marketing tresna bat ala etorkizuneko ekitaldi baterako iragarki bat dela uste al dute ikasleek? Zergatik?
Oharra
“Propaganda”, Columbia Encyclopedia, dictionary.com.