Ile horiko emakumea (Femme aux cheveux jaunes), 1931
“Guztiok dakigu artea ez dela egia. Artea gezurra da, baina egia aurkitzeko bidea eskaintzen digun gezurra; gutxienez, uler dezakegun egia hori aurkitzeko bidea eskaintzen diguna.”[1]
Pablo Picasso (1881–1973) XX. mendean eraginik handien izan duen artista dela esan daiteke: bere originaltasunak eta ahalmen sortzaileak, bere bizitzan zehar etengabeko bilakaera izan zuenak, eragin erabakigarria izan zuen artearen historiaren ibilbidean.
Picasso 1881. urtean jaio zen Málagan eta 1895. urtean Bartzelonara aldatu zen Arte Ederren Akademian ikasketak egitera. Haren aitak, margolari, irakasle eta museo-kontserbatzaile zenak, eragin handia izan zuen beregan arte-heziketako urteetan zehar. 1900. urtean Picassok bidaia egin zuen lehen aldiz Parisera, eta garai hartako artista buhameengan hain ohikoa zen kafeen kultura eta gaueko bizitza bereganatu zituen guztiz. Ez zen denbora askorik iragan harik eta frantziar hiriburuan betirako finkatu zen arte, eta bertan, beste sortzaile batzuen laguntasuna, lankidetza zein lehia izan zituen bidelagun. Artista horien artean dira Gertrude Stein idazlea, Igor Stravinsky musikagilea edo Henri Matisse margolaria. Bere bizitzan zehar emazteekin zein neska-lagunekin izan zituen harremanek ere eragin handia izan zuten bere obran, modelo eta musa egitekoak ere bete baitzituzten zenbaitetan.
Bere estiloak “aldi urdina” (1901-04) delakotik “aldi arrosa”rako (1905) bilakaera izan zuen. Lehendabiziko aldiak tonu urdinen nagusitasuna, gai malenkoniatsuak eta pertsonaia babesgabeak ditu bereizgarri. Bigarren aldian, berriz, artistak zirkuko eta inauteriko pertsonaien eszena intimoak margotu zituen, argitsuagoa eta naturalistagoa den kolore-gama erabiliz. Ordukoa da bere karrerako Las Señoritas de Avignon (1906-07) artelan gogoangarria. Koadro honek biluzi klasikoaren generoari definizio berria eman zion, arte indigenaren, hala nola Afrikako eta Ozeaniako eskulturaren, eraginak sartuz. Artelan honen bidez, Picassok arte-estilo iraultzaile bati, Kubismoari eman zion hasiera, bi dimentsioko plano berean objektu bati buruzko ikuspegi ezberdinak aldi berean azalduz. Kubismoa pintura-mintzaira berria eta ausarta izan zen.
Artistaren lana oparoa izan zen harik eta, 1973. urtean, 92 urterekin hil zen arte. Bere karrera luzean zehar, berrogeita hamar milaren bat artelan sortu zituen: margolanak eta eskulturak, zeramika-piezak edo marrazkiak.
Picassok 1927. urtean ezagutu zuen Marie-Thérèse Walter, koadro honetako emakumea, azken honek hamazazpi urte zituela. Hala, maitasun-harreman gogotsuari eman zioten hasiera, baina emakumea nerabea zenez eta margolaria ezkondurik zegoenez, urteetan zehar ezkutuan izan zuten harremana. Aitzitik, artistak emakume harekin batera emaniko lehen urteak, kodifikatuta bada ere, dokumentatuta utzi zituen, maitalearen inizialak (“MT” eta “MTP”) natura hiletan eta antzinateko erretratuetan sartuz.
Marie-Thérèsen gorputz biribil eta ile horia Ile horiko emakumea artelanean agertzen dira lehen aldiz esplizituki. 1931. urte inguruan Marie-Thérèse Picassoren artelanetako etengabeko gai eta musa zen: intimitatean, irakurtzen, ispiluan begiratzen edo lotan erretratatu zuen. Bere maitalearen soslaia delineatzen zuen lerro kurbo bakarra ikur bilakatu zen eta garai hartako margolan, eskultura eta grabatu askotan agertzen da. 1933. urtean Picassoren estudioa bisitatu zuen Brassaï argazkilariak han ikusitako artelanen izaerari buruzko aipamena egin zuen: “Nabe ikaragarri haietako baten atea ireki zuen eta zuri dirdiratsuzko eskultura-hiri bat ikusi ahal izan genuen… Forma haien guztien biribiltasunak harrituta utzi ninduen. Emakume berri bat bat-batean sartua zen Picassoren bizitzan: Marie-Thérèse Walter”[2]. Artelan hau, erretratu bat baino gehiago, bere maitaleari eginiko omenaldia da.
Margolan hau bere lehen esperimentu kubista baino ia hogei urte beranduago margotu bazuen ere, Marie-Thérèsen irudi biribila oinarrizko formetara murrizturik uzteak pintura-estilo honetan izan dezake jatorria. Lerro kurboak, forma organiko biribilduak eta tonu aseak Surrealismoaren eragina izan daitezke. Litekeena da, bestalde, surrealistek ametsen munduari eta subkontzienteari buruz eginiko ikerketek artelan honetako koloreak, distiratsu eta apetatsuak, hautatzerakoan eragina izan izana.
Preguntas
Erakuts iezaiezu ikasleei Ile horiko emakumea, 1931 eta galde iezazkiezu honakoak:
Zer ari da gertatzen margolan honetan?
Zein antzekotasun edo ezberdintasun ditu erretratu honek aurretik ikusi izan dituzuenekin?
Jar zaitezte koadroko emakumearen jarreran. Deskriba ezazue zer sentitzen den.
Zuen ustez ezagutzen al zuen artistak emakumea? Ba al da koadroan zuen hipotesia berresten duen ezer?
Kritikari batzuen ustez koadro honetako emakumea lo dago. Hala izango balitz, zer amesten ariko litzateke, zuen ustez?
Nola sentituko zinatekete begiak itxita dituzuela inork zuen irudia margotuko balu? Artistaren batek zuen erretratua egin beharko balu, zein jarreratan jarriko zinatekete? Zer esango ote zion Marie-Thérèsek Picassori bere erretratuari buruz?
Deskriba itzazue koloreak. Nola aldatuko zatekeen emaitza Picassok gama ilunagoa erabili izan balu? Zuengandik oso gertuko norbaiten erretratua margotu beharko bazenute, zein kolore erabiliko zenituzkete pertsona horrenganako zuen sentimenduak adierazteko?