Jean Michel Basquiat SELF PORTRAIT HARLAP Zoom

Identitatea

Jean-Michel Basquiat
Autorretratua (Self-Portrait), 1984
Akrilikoa eta olio-barra paper gainean, mihise gainean muntatua
100 x 70 cm
Yoav Harlap Collection
© Estate of Jean-Michel Basquiat. Artestar-en lizentziaz, New York.

“Txikitan komiki-marrazkilaria izan nahi nuen (…) Umetan, ez nintzen artista ona, inondik ere. Espresionista abstraktuegia, edo ahari-buru handi bat marrazten nuen, era biziki nahasgarrian. Inoiz ez nuen marrazketa-lehiaketarik irabazten. Gogoan dut Spiderman perfektu bat marraztutako mutiko baten kontra galdu nuela.” (1)

Bigarren Mundu Gerra ostean, hiriburu artistikoa eta kultura-aniztasunaren erdigunea omen zen New York hiria, eta eszenategi bikaina izan zen Jean Micel Basquiatentzat (New York, 1960–1988). Amak ezin besteko rola izan zuen bere heziketan, Basquiat hiriko museoetara eraman baitzuen, eta pertsona ikasia bihurtu, artearen historiako ezagutzak zituena. Hamazazpi urte zituela, graffitia erabiltzen hasi zen, New Yorken barrena mezu irudimentsuak eta zirikatzaileak idatziz eta, gizon beltza zen aldetik, auzitan jartzen zituen kezkagarri zitzaizkion gizarte- eta politika-gaiak. Esperientzia horrek inpaktu handia izan zuen bere garapen artistiko osoan.

Autorretratua (Self-Portrait, 1984) artelanak artistaren autorretratua erakusten du. Basquiatek adierazi zuenez, oso noizbehinka egiten zituen autorretratuak, baina bere artelan gehienetan bere buruari erreferentzia egiten dioten elementuak aurki daitezke. (2) Nola erretratuetan, hala autorretratuetan, bere identitatea arakatzen du afrikar-amerikar leinuaren kide izateari lotuta. New Yorkeko intelektual-klaseko kide izan eta artearen mundu zail eta elitistan toki bat irabazi arren, Basquiatek ez zituen bere afrikar erroak ahaztu, eta identifikatuta sentitu zen ikusten zuen arraza-bidegabekeria bakoitzarekin, baita pertsonalitate beltz handien garaipenekin ere.

Basquiatek identitate bikoitz hori bere ibilbide osoan eraman zuen aldean. Bere inguruneko zati izan arren, New York hiria arrotza zitzaion. Bikoiztasun hori gauza konplexua izan zen, bere identitatetik haraindi zihoana, gizarte-, politika- eta kultura-harreman konplexuetan barneratzen baitzen eta, bertan, Basquiat artista bi munduren artean kokatzen zen, zuri eta beltz, etengabeko borroka batean orekaren bila.

Bere artelanek alderdi desberdinetatik tratatzen dute bikoiztasunaren ideia. Basquiatek pertsonak eta objektuak, eta hitzak eta irudiak uztartu zituen errealitate beraren kontrako bi alde erakusteko. Halaber, zuriaren eta beltzaren, argiaren eta ilunaren gaineko ideiak berraztertu zituen, ongiaren eta gaizkiaren gaineko arauak auzitan jarriz.

 

1. Henry Geldzahler, “Art: From Subways to SoHo, Jean-Michel Basquiat,” in Jean-Michel Basquiat, erak. kat. Lugano, Suitza: Museo d’Arte Moderna Cittá di Lugano, 2005, 34 eta 46 or.

2. Dieter Buchhart, ed., Now’s the Time, erak. kat. Toronto: Art Gallery of Ontario; Munich, Londres eta New York: DelMonico Books, Prestel Publications; Guggenheim Bilbao Museoa, 2015, 18. or.

Preguntas

Begiratu astiro artistaren autorretratua. Deskribatu guztien artean irudian ikusten diren gorputz-ezaugarriak. Nolakoa du ilea? Zein kolore dute bere begiek? Nolakoa du ahoa? Nolako forma eta tamainakoa izango du sudurra? Nolako arropa darama jantzita? Non egongo da?

Erakutsi Basquiaten argazki bat ikasleei, margolanarekin dauzkan antzekotasunez eta desberdintasunez ohartzeko. Hemen aurki ditzakezu Basquiaten argazkiak:
http://www.basquiat.com/artist.htm

Google: irudiak: Basquiaten erretratuak

Bere aurpegiaren zein alderdi nabarmendu ditu gehiegi? Haien ustez, nola sentituko zen artista autorretratua margotzean?

Artista gehienek egin dituzte autorretratuak. Zergatik uste dute interesatzen zaiela artistei autorretratua margotzea? Zer gauza konta daitezke autorretratu batean? Esan zehazteko zer ideia adierazten dituen. Galdetu ikasleei zer adierazi nahiko luketen beren autorretratu batean.

Basquiaten argazki bati begira, zer esango lukete Basquiaten nortasunaz? Bere nortasunaren zein ezaugarri uste dute agertzen direla koadroan?

Esan konposizioan erabilitako koloreak astiro begiratzeko. Zer sentimendurekin lotzen dute kolore bakoitza? Esan kolore bakoitza identifikatu eta bakoitza definitzeko adjektibo bat adieraz dezatela.