2Homme qui marche I

Gizona oinez I (Homme qui marche I), 1960

“Materiala bera ilusio bihurtu balitz bezala. Buztin kantitate bat duzu, eta gutxi gorabehera bolumen egokia eman diozula sentitzen duzu hasieran. Gero, errealagoa izan dadin, kendu egiten duzu. Kendu besterik ez duzu egiten. Eraman besterik ez duzu egiten. Gero eta lodiagoa bihurtzen da. Baina, orduan, materiala bera infinituraino luzatu ahal izango zenukeela dirudi. Buztin zati bat lantzen baduzu, handitu egiten dela dirudi. Zenbat eta gehiago landu, orduan eta handiagoa bihurtzen da”[1].

Alberto Giacometti (1901–1966) XX. mendeko arte-mugimendu abangoardista askori atxiki zitzaion bere ibilbidean zehar. Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, existentzialismoak erakarri zuen, eta horren eragina hainbat obratan ikus daiteke, hala nola honetan: Gizona oinez I.

Gizona oinez I heldutasun-aroko eskultura bat da. Giacomettiren ibilbide artistikoaren une gorena izan zen hura, ordurako angelu ugaritatik ikertu baitzuen giza figura. Figuraren eskastasuna gizaki bakoitzak bizitzan dituen mugei lotuta dago; izan ere, gatazka, erronka eta hondamendi ugari daude jendartean, bai naturalak, bai giza espezieak berak eragindakoak. Haren aurpegia ia ez dago definituta, giza espeziearen orokortasuna islatzeko asmoz; horrela, obraren izaera unibertsala nabarmentzen da, era guztietako publikoak are identifikatuago senti daitezen.

Eskultura brontzezkoa da, pieza bakarrekoa, eta leundu gabe dago; horrek guztiak larritasun-, atsekabe- eta eskeleto-itxura ematen dio nolabaiteko zabarkeriaz oinez doan pertsonaiari. Oraingoan, Giacomettik gizonezko figura bakarti bat egin du, eta haren forma oinarrizkoenak soilik bereiz ditzakegu. Aurrerantz du hanka bat, oinez joango balitz bezala, eta besoak gorputzari itsatsita ditu. Gainera, gorputza aurrerantz oso makurtuta dago; horrek nolabaiteko ezegonkortasuna sortzen du, eta pertsonaia espazioan mugitzen ari dela ulertarazten. Mugimendua, beti oso presente Giacomettiren obran, pertsonaiaren hanka meheak kokatzeko moduari esker lortzen da: orpoak lurretik altxatuko direla dirudi, ibiltzen hasteko. Hankak bezala, besoak ere luzeegiak eta meheegiak dira. Gorputzean ez da antzematen muskuluak irudikatu direnik. Azal zimurtsua eta latza du, orbainez beteta egongo balitz bezala; horrek hauskortasun-sentsazio handia ematen du.

Baliteke eskulturaren jatorria artistaren lagun batekin erlazionatuta egotea; alegia, Isabel Lambert modeloarekin. Harekin geratu izan zen askotan Parisen bizi izan zen urteetan. Gau batean, hari agur esaterakoan, urrundu ahala gero eta txikiagoa zela ikusi zuen, nahiz eta artistarentzat indar eta nortasun berberak izan. Giacometti beti saiatu zen une labur hura irudikatzen; alegia, giza figura urruntzen hasi baina oraindik desagertu ez den unea. Gau hartatik, Isabel Lamberten ikuspegi hori eskultura bihurtu beharrarekin itsutu zen[2].

Giacomettik eskultura ugari egin zituen gai horrekin Manhattango Chase bankuak New Yorkeko Chase Manhattan plazarako eskatu zion proiektu publiko baterako. Hala ere, azkenean, proiektua utzi zuen, eta bi obra bakarrik egin zituen: Gizona oinez I eta Gizona oinez II. Lehena inoiz ez zen iritsi helmugara, baina Veneziako Bienalean erakutsi zen 1962an. Bitxikeria gisa, obra hau hain da ikonikoa, ezen 100 franko suitzarreko billeteen atzealdean agertzen den (Suitzan jaio baitzen artista). Haren kopia bat Unescoren egoitzan dago, Parisen.

Preguntas

Behatu arretaz Alberto Giacomettiren obra hau. Giza eskalan eginda dago; zuen ustez, zergatik egin zuen artistak tamaina horretan? Nola aldatuko litzateke figurari buruz duzuen pertzepzioa askoz ere handiagoa edo askoz ere txikiagoa balitz?

Obrak ibiltzen hasi den edo ibiltzen ari den norbaiten mugimendua islatzen du; nondik atera da? Zuen iritziz, nora doa? Zer aldatu beharko zenukete eskulturan pertsonaia geldi dagoela pentsarazteko?

Behatu arretaz eta espekulatu galdera hauei buruz: zergatik ez darama objekturik, osagarririk, arroparik edo kutunik? Lagunik ere ez du ondoan, ez beste gizakirik, ez animaliarik, ezta paisaia-elementurik ere; zergatik irudikatuko zuen artistak bakar-bakarrik oinez doan gizon bat? Bakardadearen zer interpretazio bururatzen zaizkizue? Lagunen bat gehitu ahal izango bazeniote, nor izango litzateke, eta zergatik?

Giacomettiren beste obra asko bezala, hau ere brontzezkoa da. Zer aldatuko litzateke brontzezkoa ez beste material batekoa izango balitz?