Gabarra | Robert Rauschenberg | Guggenheim Bilbao Museoa

Gabarra

"Arteak mundua alda dezake"(1)
Robert Rauschenberg, Gabarra (Barge ), 1962–63
Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean, 203 x 980 cm.

 

Guggenheim Bilbao Museoa eta Solomon R. Guggenheim Museum, New York, honako hauek egindako diru-ekarpen osagarriekin: Thomas H. Lee eta Ann Tenenbaum, Zuzendariaren Nazioarteko Batzorde eta Batzorde Betearazleko ondorengo kideak: Eli Broad, Elaine Terner Cooper, Ronnie Heyman, J. Tomilson Hill, Dakis Joannou, Barbara Lane, Robert Mnuchin, Peter Norton, Thomas Walther eta Ginny Williams; Ulla Dreyfus-Best, Norma and Joseph Saul Philanthropic Fund, Elizabeth Rea, Eli Broad, Dakis Joannou, Peter Norton, Peter Lawson-Johnston, Michael Wettach, Peter Littman, Tiqui Atencio, Bruce eta Janet Karatz eta Giulia Ghirardi Pagliai, 1997

Robert Rauschenberg (Port Arthur, Texas, 1925–Captiva Island, Florida, 2008) artista estatubatuar garaikideen artean, emankorrenetako bat izan zen. Ia 60 urtez lan egin zuen, eta artelanak zenbait euskarritan sortu zituen, besteak beste, margolanak, argazkiak, eskultura, performancea eta grabatuak. Bere pinturetan, Rauschenbergek margoaren erabileratik haratago zihoazen teknikak erabili zituen, hala nola, estanpazio serigrafikoa, collagea, transferentzia eta inprimatzea. Bere margolanetan, baita ere, material sorta zabala erabili zuen, besteak beste, mihisea, oholak eta ehunak, baita metalezko xaflak, metakrilatoa, igeltsua eta paperera. (2)

Rauschenbergek ezagunak zaizkigun irudi herrikoiak eta teknika komertzialak erabili zituen, eta, hori dela eta, kritikariek mintzaira bera erabiltzen zuten beste artista batzuekin lotu zuten, Andy Warholekin, kasu (Pittsburgh, Pensilvania, 1928–New York, 1987). Nahiz eta bere lanak keinuz beteagoak eta artisauagoak izan artista garaikide horien lanak baino, Pop Art mugimenduaren artistatzat jo zuten.

1950ko hamarkadaren amaieran, Rauschenbergek Combines terminoa sortu zuen bere lan saila izendatzeko. Sail horretan, objektuak eta margolan abstraktuak uztartu zituen, eta, ondorioz, margolaritza eta eskulturaren arteko marra lausotu zuen. Bere Combines horietan egunkari zatiak eta hiru dimentsioko objektuak erabili zituen, hala nola, arrano eta ahuntz disekatuak, kaleko seinaleak, edo edredoi bat eta kuxin bat. 1962rako, aldaketa egin zuen, aurkitutako objektuak erabili ordez, aurkitutako irudiak, egunkari eta aldizkarietakoak, erabiltzen hasi zen, bere pinturetarako serigrafiak egiteko.

Gabarra (1962–63) ia hamar metro zabaleko mihise bat da. Rauschenbergek 24 orduko epean sortu zuen, eta 1962tik 1964ra egindako 79 pintura serigrafiatuen artean handiena da. Lan monokromo itzel honetan, gai asko jorratu zituen, adibidez, hiri-ingurunea, espazioaren miaketa eta hegaldia, garraiobideak eta artearen historiako adibide batzuk. Nahiz eta distantzia batetik abstraktua eman, gertutik begiratuz gero, ezagunak zaizkigun irudiak ageri dira.

Serigrafiaren teknikari esker —garai hartan berria Rauschenbergentzat—, bere hasierako zuzeneko transferentzia metodotik eboluzionatzeko aukera izan zuen, eta bere marrazki eta pinturetan, egunkari nahiz aldizkarietako irudiak (iragarkiak, argazkiak, mapak eta komikiak) sartu zituen. Serigrafiaren bitartez, Rauschenbergek aukera zuen aurkitutako irudiak fotografikoki handitzeko. Prozesu honek liberatu egin zuen aurreko transferentzia teknikek zuten eskala murrizketatik; eta horri esker, aukera zuen irudiak zenbait testuingurutan aise berrerabiltzeko.

1. "Vision and Mission", Rauschenberg Foundation.

2. "Biography", Rauschenberg Foundation.

Preguntas

Zure ikasleekin pintura begiratu eta irudien zerrenda bat osatu, ikasleek ezagutzeko modukoa. Zerrenda ozen irakurri. Irudi horien artean, zein lotura aurki dezakete? Arte kritikari batek behin esan zuen Gabarrak Estatu Batuetako bizimoduari buruzko istorioa kontatzen duela. (1) Zer diote ikasleek adierazpen horretaz? Zein istorio mota konta dezake Gabarrak herrialdeari buruz?

Zure ikasleak akuilatu 1960ko hamarkadan Estatu Batuetan gertatu zenaz iker dezaten, eta kronologia bat egin dezaten gertaera historiko nagusiak biltzeko. Kronologian ageri den informazioa Gabarrako irudiekin konparatu. Eztabaidatu artistak gertaera horiek nola islatu zituen bere lanean.

Erreparatu pintura honetan erabilitako koloreari. Zergatik uste duzu Rauschenbergek Gabarra beltzez, zuriz eta grisez margotzea erabaki zuela? Lanaren zati batzuk eskuz daude margotuak; beste batzuk, aldiz, collagearen tankerakoak dira, eta irudi batzuk artistak serigrafiatu ditu. Ikasleak gai al dira prozesu horien guztien arteko desberdintasunak identifikatzeko eta antzemateko? Ikasleek uste dute artistak irizpide jakin bat erabiltzen duela irudi edo sail guztien metodoa edo teknika aukeratzeko? Azaldu.

1. Jill Johnston. “The World Outside His Window”, Art in America (1992ko apirila), 120 or.