Eiffel dorrea
Eiffel dorrea (Tour Eiffel), 1911 (artistak 1910eko data jarri zion).Olio-pintura mihise gainean, 202 × 138,4 cm. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim fundazioaren bilduma, 37. 463 dohaintza.
Sarrera
Garaiko beste hainbat figura literario zein artistiko bezala, 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalaren harira eraikitako Eiffel Dorrea modernitatearen ezaugarri bilakatu zen Robert Delaunay artistarentzat (Parisen jaio zen 1885ean; Montpellierren, Frantzian hil zen 1941ean). Delaunayren ametsa mugak suntsitzea eta Europa komunitate global gisa eraldatzea zen; Eiffel Dorreak, hortaz, irrati-dorrea zenez, nazioarteko komunikazioak irudikatzen zituen. Sonia Terk artistarekiko ezkon-hitza –hasiera batean, 1909an– ospatzeko margotu zuen dorrea. Geroago, hurrengo urteetan, hogeita hamar artelan inguru egin zituen dorrearen inguruan, eta azkena, berriz ere, 1920ko hamarkadan.
Delaunayk kolore paleta murritza erabili zuen Eiffel Dorreari buruzko lehen lanetan, bai eta forma geometriko sinpleak ere. Eiffel Dorreak bere konposizio guztietako gune nagusia betetzen du eta erretratu baten dramatismo ikonikoaz zipriztinduta dago. Eiffel Dorrea zuhaitzekin artelana da adierazpen biziena, eta artistaren estiloaren aldaketaren lehen zantzuak nabarmentzen dira bertan. Ikuspuntu desberdinetatik erakusten du dorrea Delaunayk, eta inpresio desberdinak aldi berean harrapatzea eta sintetizatzea lortzen du. Esanguratsua da margolan hau artista Paristik urrun zegoen garaian buruz lan eginez landu izana.
Eiffel Dorrea zuhaitzekin margolanak Delaunayk berak “suntsitzaile” gisa kalifikatu zuen garaiari eman zion hasiera: aurreko artelanen forma sendoa, zatikatu egiten da eta desegiten hasten da. Espazio zabal, atmosfera eta argiaren sentsazioak maite zituen Delaunayk eta sentsazio horiek aske uztea ahalbidetzen zion gaia hautatu zuen, aldi berean, modernitate eta aurrerakuntzari lotutako sinboloa azaleraziz. Estiloari dagokionez, Delaunayren lorpenak mende berriaren adierazgarriak dira, bai eta urbanizaziorantz emandako joeraren erakusle ere.
Delaunayren irudietako asko errezelek adierazitako leiho batetik hartutako ikuspuntuak dira. Eiffel Dorrea margolanean, dorrearen inguruko eraikinak errezelak balira bezala kurbatzen dira. Leihoaren ikuspuntu horrek kanpoaldea eta barrualdea konbinatzeko aukera ematen dio Eiffel Dorrearen sailari, eta Erromantizismo garaiko leiho irekiaren kontzeptu tradizionala datorkigu gogora.
Preguntas
Ikasgelan Robert Delaunayren margolana erakutsi aurretik, erakutsi ezazu Eiffel Dorrearen argazki bat. Agian Interneten argazki zaharrak aurki ditzakezu. Jakina da Robert Delaunayk Eiffel Dorrearen argazkiak zituzten postalak gordetzen zituela, eta baliteke horiek baliatu izana bere margolanetako batzuk egiteko.
Galdetu ikasleei zer ikusten duten eta zer informazio duten Eiffel Dorreari buruz. Agian informazio historiko apur bat eman beharko diezu, Eiffel Dorrea egitura arkitektoniko ikaragarria ez ezik, Parisko modernitatearen sinboloa dela ere uler dezaten.
Ikasleei erakutsi: Eifell dorrea, 1911
Zeintzuk dira Delaunayren margolanaren eta Eiffel Dorrearen argazkiaren arteko antzekotasunak edo desberdintasunak? Zein adjektibo aukeratuko zenuke margolan hau deskribatzeko?
Bizitzan zehar, leku zehatz batzuetan jarri zuen arreta Delaunayk (batzuen aburuz, obsesiboki), eta leku horiek behin eta berriz margotu zituen. Leku bat behin eta berriz aztertu beharko bazenute, zein leku aukeratuko zenukete? Zergatik?