Ai Weiwei, Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten
Ai Weiwei, Maitagarri-ipuina (Fairytale, 2007). Ekimen parte-hartzailea, 1.001 biztanle txinatar arrunt Internet bidez bildu zituena Kassel hirira joateko, Ai Weiwei Documenta 12 erakusketarako antolatu zuen proiektu gisa
Ai Weiwei, Han dinastiako ontzi bat erortzen uztea (Droppig a Han Dnasty Urn, 1995). Zilar-gelatinazko hiru kopia, 148 x 121 cm bakoitza. Honen eskaintza: Ai Weiwei Studio © Ai Weiwei.
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia Txinako arte garaikideari buruzko erakusketa handi bat da, eta Txinaren nahiz munduaren azken urteotako historiaren aldi eraldatzaileena aurkezten digu: 1989tik 2008ra bitartekoa. Gerra Hotza amaitu eta globalizazioa agertu zenetik Txina munduko potentzia gisa gorantz hasi eta 2008an Pekinen Joko Olinpikoak izan ziren arte luzatzen da aldi hori. Erakusketan lehen mailako 70 bat artista eta talde txinatarrek hartzen dute parte, eta 150 obra esperimental inguru ikus daitezke, era guztietakoak: zinema eta bideoa, instalazioak, pintura, eskultura, argazkilaritza eta performancea, arte sozialki konprometitua eta arte aktibista. Erakusketa sei atal tematiko eta kronologikotan banatuta dago eta Museoaren bigarren solairu osoa hartzen du.
“Norbaitek zirraragarria dela pentsatzen duelako soilik da zirraragarria, eta objektuari balioa ematen diolako.”[1]
Artista, pentsalaria eta aktibista da Ai Weiwei. 1957an jaio zen Pekinen eta egoera zailean hazi zen. Haren aitak, Ai Qing poetak, Txinako gobernu komunistaren jazarpena jasan zuen, eta mendebaldeko probintzia urrun batera erbesteratu zuten. Geroago, Mao Zedong 1976an hil ondoren, poeta nazional handi gisa hartu zuten. 1981ean, New Yorkera joan zen bizitzera Ai; bertan, Arte Plastikoko ikasketak egin zituen, eta artista gisa hasi zen lanean. Halaber, Marcel Duchamp-en readymade delakoak eta artista hark balio kulturalen sistemei egiten zien kritika estimatzen hasi zen. Readymade horiek han eta hemen aurkitutako eta arte-kategoriara goratutako eguneroko objektuez osatuta daude. 1993an, aita gaixo zegoela jakin zuenean, Txinara itzuli zen.
Airen pieza ospetsuenetako batek, Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten (Dropping a Han Dynasty Urn, 1995) lanak, readymade kultural bat hartzen du bere baitan, artistaren beraren hitzetan. Obra horretan, 2.000 urteko zeremonia-ontzi bat erortzen uzten du Aik, eta haren oinetan apurtzen da lurra jotzean. Objektuak balio ekonomiko handia du, baina baita balio sinbolikoa eta kulturala ere. Han dinastiaren garaia (K.a. 206–K.o. 220) erabakigarritzat jotzen da Txinako zibilizazioaren historian, eta aldi hartako figura ikoniko bat nahita apurtzeak Txinarako esanahi kultural handia duen ondarea botatzea esan nahi du [2]. Obra honekin, antzinako readymade objektuak erabiltzen hasi zen Ai, eta agerian utzi zuen zalantzan jarri nahi zuela balio kulturalak nola sortzen diren eta nork sortzen dituen.
Batzuk haserretu egin ziren haren obra ikustean, eta profanaziotzat jo zuten. Honela erantzun zien Aik: “Mao presidenteak esan ohi zuenez, mundu berri bat eraiki ahal izateko, zaharra suntsitu behar dugu” [3]. Adierazpen horrek Txinako Iraultza Kulturalean (1966–1976) antzinako objektu guztiak suntsitu zirela gogorarazten digu, baita, gizarte berri bat eraikitzeko, lau zaharrak (si jiu) suntsitu behar zirela ere: usadio zaharrak, ohitura zaharrak, kultura zaharra eta ideia zaharrak. Ontzia erortzen uztean, balioa ematen duten egitura sozial eta kulturalei egiten die uko Aik.
Documentaren 2007ko ediziorako, Ai Weiwei-k 1.001 txinatar herritar arrunten aldi bateko migrazioa antolatu zuen, Kasselera (Alemania), non bost urtez behin nazioarteko arte-erakusketa famatu hau egiten baita. Bere bloga erabiliz, Ai-k bidaia-eskaintza bat egin zuen, gastu guztiak ordainduta, eta hiru egunean 3.000 eskaera baino gehiago jaso zituen. Pasaporteak eta bisak eskuratzen lan handia egin ondoren, talde handi batek, haien artean langabezian zeuden pertsonak, poliziako funtzionarioak, nobelistak, saltzaile ibiltariak, ikasleak, nekazariak eta zailtasunak zituzten artistak, eta haietako batzuen seme-alabak, joan ziren bidaian. Ai-k Maitagarri-ipuina deitu zion bere proiektuari, Kasselen lan eginak ziren Grimm anaiei erreferentzia eginez, baina aldi berean keinu bat eginez beren herritik sekula aterako zirenik ere bururatu ez zitzaien 1.001 lagunek gogoan zuten ametsari. Ai Weiwei Studio-k haien ekipaiaren eta arroparen pieza bakoitza diseinatu zuen, eta Kasseleko ehun-fabrika zahar bat birgaitu zuen egoitza gisa. Parte-hartzaileei, iristen zirenean, USB memoria zuen pultsera bana ematen zitzaien, proiektuari buruzko informazioa zeukana, eta erakusketaren esparruan sartzeko balio ziena. Ez zen beste eskakizunik. Ai-k pertsona bakoitzaren esperientzia berezia dokumentatu zuen, elkarrizketa grabatuekin, argazki-sail batekin eta 99 puntuko galdetegi batekin, iraupen laburreko komunitate utopiko baten erretratu hunkigarri bat sortuz.
Preguntas
Museoan, bisita ezazue Maitagarri ipuina (Fairytale, 2007), Documenta 12 erakusketarako antolatu zen ekimen parte-hartzailearen erregistroa. Eskatu ikasleei obra osatzen duten elementuetan arreta jarri eta horien zerrenda egiteko. Zein atal iruditzen zaizkie esanguratsuagoak? Zergatik?
Txinako mugez haratago joateko ametsa zuten 1.001 aberkide eraman zituen erakusketara Ai Weiweik; lan kolektibo eta parte-hartzaile hura Internet bidez antolatu zuen. Zuen ustez, zein zailtasun izan zituen lan hori gauzatzeko?
Erakutsi ikasgelan Ai Weiweiren obra, Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten (1995). Eskatu ikasleei obran zer gertatzen ari den deskribatzeko.
Azaldu zer esan nahi duen Airen adierazpenak obra honi dagokionez: “Norbaitek zirraragarria dela pentsatzen duelako soilik da zirraragarria, eta objektuari balioa ematen diolako”.
Nola erabili ditu Aik zirrara eta ustekabea obra honetan?
Aik Han dinastiako 2.000 urteko ontzi bat erortzen nola uzten duen erakusten duten argazkietan, balio berriek zalantzan jartzen dute tradizioa. Batzuek bandalismo gisa ikus lezakete ekintza hori, eta beste batzuek, berriz, statu quoa zalantzan jartzen duen adierazpen artistiko gisa. Azaldu eta eztabaidatu alderdi horiek ikasleekin. Haien ustez, tradizioaren zer alderdi gorde behar lirateke? Eta zer alderdi berraztertu eta eguneratu?