Agurra (The Greeting), 1995
Agurra (The Greeting), 1995
Bideo-/Soinu-instalazioa
Bideo-proiekzioa koloretan, espazio ilun bateko horman muntatua dagoen pantaila bertikal baten gainean; soinu estereofoniko anplifikatua
Proiektaturiko irudiaren neurriak: 2,8 x 2,4 m
Aretoaren neurriak: 4,3 x 6,7 x 7,6 m
10 min 22 s
Antzezleak: Angela Black, Suzanne Peters, Bonnie Snyder
"Momentua antzematea da, baina hori luzatzea ere bai. (...) Emozioak dira luzatzen ari direnak" Bill Viola, 2017[1]
23 urte bete berri zituen Bill Violak (New York, 1951) Florentziara joan zenean, bideoarteari eskainitako Europako lehen estudioetako batean lan egitera. María Gloria Bicocchi izan zen estudioaren fundatzailea, eta arte-hizkuntza berritzaile hura artista garaikideentzako lan-erreminta berria izango zela uste zuen; ideia hori oinarritzat hartuta sortu zuen estudioa.[2] Viola teknikari eta bideo-kameraren arduradun gisa jarduteko iritsi zen Italiara. Bibocchiren estudioan momentuko artista garrantzitsuak ezagutu zituen, kultura europarrera gerturatzeko aukera izan zuen eta, hilabete batzuetan zehar, Italiako elizak bisitatu zituen, bere etorkizuneko lanean eragina izango zutenak.[3]
Ia 20 urte beranduago, 1995ean, Violak berriz egin zuen topo ustekabean Italiako Errenazimenduarekin. Liburudenda batean liburu bati begira ari zela, ezustean, berriketan ari ziren hiru emakumeren irudi batek txunditu zuen. Handik gutxira, estudiorako bidean bere automobilean zegoela, gorriz zegoen semaforo batean gelditzerakoan, izkina batean zeuden hiru emakume ikusi zituen, haizeak beren soinekoak mugitzen zituela, zuhaitzeko hostoen antzera. Estudiora iristerakoan, agudo errepasatu zuen liburua eta bertan aurkitu zuen Pontormo (1494–1557) pintore italiar handiaren Ikustaldia (Visitazione, 1528) lana, ikusi berri zuen eszenaren hainbesteko antza zuena: hiru emakumeak berriketan, argia eta kolore-paleta, ia-ia surrealista, haizeak eragindako mugimendua beren soinekoetan. Kointzidentzia horrek benetan hunkitu zuen artista, eta ia-ia bere borondatearen kontra ekin zion Agurra (The Greeting, 1995) lanari, bere bizipenean eta XVI. mende hasierako Pontormo pintore manierista italiarraren obran oinarritua.[4]
Pontormoren Ikustaldia (1528) lanak Mariak bere lehengusina Isabeli haurdun dagoela (Jesus haurraz) esaten dion momentua irudikatzen du. Baina, baldin eta ikusleari Bibliako Testamentu Berriko gertakari espezifiko hori ezaguna ez bazaio, eszenak, izenburuak adierazten duen bezala, agur soil baten itxura baino ez du izango. Pontormok ez bezala, Violak, bere lanean, ez du momentu biblikoa irudikatzeko interesik; obra italiarra zerbait berria sortzeko inspirazio gisa erabili nahi du.[5] Violak Pontormoren pinturaren izpiritua atzitzen du, emakumeen soinekoetako kolore biziak imitatuz adibidez, baina eszena ingurune garaikide batera lekualdatzen du, industria-eraikinekin eta ustez apaindura gutxiko hiri-hondo batekin.
Agurra gela ilun baten paretan montatutako pantaila batean proiektatutako bideo irudi-sekuentzia bat da. Bi emakume berriketan ageri dira. Haien atzean eraikin industrial batzuk ikusten dira, hiri idor baten baitako perspektiba bitxi batean lerrokatuak. Bi emakumeak berriketan ari direla, hirugarren emakume batek eten egiten ditu, sartu eta haiengana hurbiltzen denean. Hura agurtzeko prestatzen direnean, garbi geratzen da emakumeetako batek etorri berria oso ondo ezagutzen duela, baina besteak gutxiago edo, beharbada, batere ez. Haize fin bat agertu eta argia sotilki aldatzen da emakume berria iritsi eta bere ezaguna agurtzen duenean, besteari jaramonik egin gabe. Biek elkar besarkatzen dutenean, makurtu, eta zerbait xuxurlatzen dio bere lagunari, areago bakarturik beste emakumea. Gordetako deserosotasunez, aurkezpenak egiten dituzte eta konplimenduak egiten dizkiote hirurek elkarri.[6]
Pintura bat balitz bezala enkoadratu zuen Violak lana, eta hartualdi bakarrean filmatu zuen, 35 mm-ko abiadura handiko kamera finko bat bertikal ipinita, eta segundoko 300 fotograma grabatuz. Berez 45 segundokoa den gertaera luzatu egiten du artistak, eta izugarri geldotzen du, protagonisten ekintzak koreografia landu baten gisara garatzen dira, hamar minututan zehar. Modu horretan, eszenaren alderdi sotil batzuk nabarmen geratzen dira. Gorputz-mintzaira inkontzientea eta begirada eta keinu labur-labur batzuen xehetasunak nabarmendu egiten dira eta zintzilik geratzen dira ikuslearen adimen kontzientean. [7]
Narratibak, ordea, anbiguoa izaten jarraitzen du berariaz: emakumeen ekintzak ez dira azaltzen, eta ikuslea agur enigmatiko horren esanahi zehatzaren inguruan gogoeta egiten uzten da.
Gainera, argi eta haize aldaketa txikiak funtsezko gertaera bilakatzen dira. Horiei esker, kamera mugitu gabe perspektibarekin jolastea lortzen du Violak: batzuetan atzealdea lehen plano bihurtzen da, eta beste giza irudi batzuk ikusten dira irudi nagusien atzeko espazio ilunagoetan, jarduera zehazgabeetara emanak. Badirudi pareten eta eraikinen geometriak perspektiba optikoaren legeak bortxatu behar dituela, eta horrek, argitasunaren anbiguotasunekin batera, izaera subjektibo bat ematen die eszena orokorrei.
Preguntas
Hasi Bill Violaren Agurra lanari erreparatuz [10 minutu eta 22 segundoko iraupena]
Obra ikusi ezin duen norbaiti lana zertaz ari den kontatu beharko bazenio, nola kontatu zenuke gertatzen dena? Begiratu arretaz hiru emakumeak: nor uste duzu direla? Zer ekartzen dizu gogora emakumeen janzkerak? Zein da beraien arteko harremana?
Orain erreparatu testuinguruari: non uste duzu daudela pertsonaiak? Antzeko tokirik ezagutzen duzu? Espazio hori benetan existitzen dela edo fikziozkoa dela uste duzu? Zergatik? Nola uste duzu sentituko zinatekeela bertan bazina? Zer gertatzen zaio argiari bideoan zehar? Eguneko zein momentu dela uste duzu?
Bideoa abiadura normalean ikusteko aukera bazenu, zenbat uste duzu iraungo lukeela? 45 segundoko iraupena dauka lanak, baina artistak oso modu geldoan proiektatu, eta10 minutuko bideo bilakatzen du. Zer uste duzu lortzen duela efektu horrekin? 10 minutuan zer igarri duzu, 45 segundotan igarri ezingo zenukeena? Zer uste duzu nabarmentzen dela modu horretan? Eta zer uste duzu galtzen dela?
Violaren lana Pontormo artista italiarraren Ikustaldia (1528) pinturan oinarrituta dago hein batean. Begiratu Pontormoren obra: zeintzuk dira aurki ditzakezun berdintasun eta desberdintasunak? Zer lortzen du Violak pintura estatiko batetik abiatuta mugimendua duen obra bat sortzerakoan? Violak honakoa esan du bere lanaren inguruan (2017): “momentua antzematea da, baina luzatzea ere bai. (…) Emozioak dira luzatzen ari direnak” Zer ematen dizu aditzera adierazpen horrek?