Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa
2014.03.14 - 2014.09.04
Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera Begirakoa erakusketak zenbait atal tematikotan sailkatutako 200 lan inguru jasotzen ditu, eta, besteak beste, instalazioak, objektuak, filmak, marrazkiak, argazkiak, testua, audioa eta iraganean egindako performanceei buruzko dokumentazioa. Arte kontzeptualaren eta performancearen aitzindari den Yoko Onoren produkzio oparoaren ikuspegi zabala eskaintzen du. Ideiak dira bere artelanen osagai nagusia, ez materia. Ideia horietako asko poetikoak, zentzugabeak eta utopikoak dira; beste batzuk, ordea, zehatzak eta egingarriak. Ideietako batzuk objektu bihurtzen dira; beste batzuk ez dira materia bilakatzen. Bere obrak artistaren umorea eta jarrera kritiko eta sozial argia islatzen du sarritan.
Ikusleari eskaintzen dizkion Jarraibideak –ahoz zein idatziz emandako ildoak– dira Onoren obretako askoren abiapuntu, eta ikusleari eskainitako iradokizunen bidez, artearen munduan izan ohi duena baino askoz ere eginkizun aktiboagoa esleitzen dio. Ikuslearen parte-hartze fisiko edo mentalik gabe, lan horietako asko amaitu gabe daudela ere pentsa daiteke. 1964an, jarraibide horietako asko biltzen zituen Grapefruit liburua argitaratu zuen Onok.
Erakusketa Onoren laurogeigarren urtemugaren harira antolatu zen 2013an, eta, hasteko, 1960ko hamarkadako obra esanguratsuenetako batzuk aurkezten ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira artistaren lehen performanceak, paperaren gainean egindako obrak eta objektuak. Garai hartan, New Yorkeko abangoardia mugimenduko artista nabarmena bilakatu zen Ono eta harreman estua izan zuen zenbait artistekin, besteak beste, John Cage musikariarekin, George Maciunas Fluxus mugimenduaren sortzailearekin eta Jonas Mekas zinemagilearekin. Artistak gaur egunera arte egindako ibilbide osoa biltzen duen erakusketak baditu beste zenbait atal ere, zinema eta musika arloko produkzioari buruzkoak, hain zuzen ere. Lan horietako batzuk, John Lennonekin izandako lankidetzan oinarritutakoak, proiektu berriagoekin batera daude ikusgai, Onok 2012an Thurston Moore eta Kim Gordonekin batera grabatutako diskoa kasu. Azken atalak, berriz, azken instalazioak eta lan parte-hartzaileak jasotzen ditu, horietako batzuk atzera begirako honetan aurkezteko bereziki sortutakoak.
Yoko Ono
Walking On Thin Ice, vídeo, 1981
Bideo fotograma
© Yoko Ono
Erakusketa
Artista
Ono, Yoko
Tokyo (Japan), 1933