Lucio Fontana. Atarian
2019.05.17 - 2019.09.29
Erakusketa honek Lucio Fontanaren (Rosario, Argentina, 1899–Varese, Italia, 1968) ibilbidearen analisi berria eskaintzen du, XX. mendeko artistarik berritzaileenetako bat izan baitzen bera. Bere ekoizpenaren azken bi hamarkadetan sortutako pintura ebaki ezagunen (tagli) hautaketa zabalarekin batera, beste obra-multzo garrantzitsu batzuen eredu bikainak ere aurkezten ditu erakusketak, Fontanak eskultore figuratibo gisa izandako hastapenetaraino atzera eginez. Lucio Fontana. Atarian erakusketak, halaber, mihise gainean egindako artelan nabarmenez gain, zeramikazko pieza finak —ibilbide osoan zehar erabili zuen Fontanak material hori— nahiz giro (ambienti) bide-urratzaileak ere hartzen ditu. Eraikuntza horiek barneratze bisuala ahalbidetzen dute, eta Fontanak artearen espazioa eta ikuslearen espazioa esperientzia-eremu jarrai bakarrean integratzeko zuen nahi erradikalaren testuingurua dira.
ERAKUSKETA
Arte modernoaren keinurik bikain eta erradikalenetako bat gauzatu zuen Lucio Fontanak, 1958an mihise monokromo baten azalera sastakaiaz urratu zuenean. Erakusketa artistaren ondarearen berrikuspena da. 1931 eta 1968 artean egindako ehun bat objekturen hautaketaren bitartez —tartean, eskulturak, zeramikak, pinturak, paper gaineko obrak eta giroak—, erakusketak ikuspuntu berri batez aztertzen du Fontanaren lana, pinturaren eta eskulturaren artean beti, eta espazioaren eta artelanaren materialtasunaren inguruko ikerketaren testuinguru zabalagoan txertatzen du.
Konzeptu espaziala (Concetto spaziale), 1962
Olio-pintura eta zuloak mihise gainean
146 x 114 cm
Fondazione Lucio Fontana, Milan
© Fondazione Lucio Fontana, Bilbao, 2019