8. Konposizioa | Vasily Kandinsky | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Kandinsky bere testuinguruan

2002.07.05 - 2003.01.19

XX. mendearen lehenengo hamarkadetan pinturak gero eta abstrakzio handiagorantz izan zuen eboluzioan, Vasily Kandinskyren (1866–1944) irudiak eta artearen ikuspegi ez-objektiboari buruz zuen teoriak aldaketa horren noranzkoa aldarazi zuten. Bere ibilbideak iraun zuen berrogeita hamar urteetan zehar, pintore, irakasle, idazle, poeta eta erakusketen antolatzaile gisa izan zituen fazeta anitzek korronte artistiko eta intelektual desberdinekin harremanetan egotera eraman zuten. Erakusketa honen asmoa Kandinskyren obraren eta bere garaikideenaren artean dagoen lotura aztertzea da, 90 bat pintura, paper gaineko obra eta eskulturen bidez, guztiak Solomon R. Guggenheim Museum-en XX. mendearen hasierako fondo artistiko zabaletan bildutako artelanak izanik.

Vasily Kandinsky Moskun jaio zen 1866an eta 29 urte zituela Munichera joan zen bizitzera. 18 urte eman zituen bertan bizitzen. 1901 eta 1903 urte bitartean, beste batzuekin batera sortu zuen Phalanx taldearen arte eskolan irakasle izan zen, eta eskola hartan bere lehenengo xilografiak egin zituen. 1911n, Kandinskyk Über das Geistige in der Kunst (Espirituzkoa artean) argitaratu zuen, artearen bidez existentzia moralagoa komunikatu daitekeela aditzera emanez, abstrakzioaren hizkuntzaren bidez, hain zuzen. Liburu hori argitaratu zuen urte hartan bertan, Kandinskyk eta Franz Marc artistak Der Blaue Reiter Almanac (Zaldizko urdinaren almanaka) aldizkaria sortu zuten, gizartea bizkortzeko helburuarekin arteen sintesia izan nahi zuen aldizkari iraultzailea. Aldaketa dinamikoan jarritako itxaropena irudikatzeko taldeak aukeratutako ikurra zen aldetik, zaldiaren irudia —zaldizkoarekin edo gabe— talde honen obra ugaritan agertzen da. Marcek 1913an sortutako Zalditegiak (Stallungen) pinturaren gai nagusia da, eta Kandinskyk urte hartan bertan margotu zuen Pintura ertz zuriarekin (Bild mit weissem Rand) koadroan ere zaldi bat agertzen da sotilki irudikatuta. 1911. urtearen amaieran, Blaue Reiter (Zaldizko urdina) taldeko kideek erakusketa bat egin zuten.


Kandinsky Errusian bizi izan zen 1914 eta 1921 urte bitartean eta aldi hartan harreman estua izan zuen Errusiako abangoardiaren aitzindariekin, haien artean El Lissitzky, Kazimir Malevich eta Alexander Rodchenkorekin. Kargu bat onartu zuen Hezkuntzarako Herri Komisaritzan eta Artearen Kulturaren Institutua (INKhUK) sortu zuen. Institutuaren programaren osagai gisa, Kandinskyk ikuspegi objektiboa eta analitikoa aldarrikatu zuen artearen inguruko ikasketetarako. 1922an Bauhausek Alemanian zuen egoitzan irakasten hasi zen, Weimarren. Eskola hau 1919an sortu zen eta arteari eta arkitekturari buruzko teoria utopikoak defendatzen zituen. 1920ko hamarkadaren hasieran, Kandinsky gero eta gehiago aldentzen hasi zen errepresentaziotik, eta abstrakzio pururantz hartu zuen bidea, erabat geometrikoak ziren formak barneratuz, esate baterako 1923ko 8. Konposizioa (Komposition 8) koadroan ikus daitezkeenak. Josef Albers, Paul Klee eta László Moholy-Nagy ere Bauhaus eskolako irakasleak ziren eta antzeko geometria zurruna aplikatu ohi zuten beren lanetan. 1925ean, Kandinsky Dessaura aldatu zen Bauhaus eskolarekin batera eta 1928an aleman nazionalizatu zen. 1933an, agintari naziek Bauhaus itxi zuten eta urte hartan bertan, beranduago, Kandinsky Neuilly-sur-Seinera joan zen bizitzera, Paristik gertu alegia.

Parisen bere pinturetarako merkatua aurkituko zuela pentsatu zuen Kandinskyk, harentzat arteen hiriburua baitzen Paris. Ordea, Parisko publikoak ez zuen bere obra behar adina ulertu ez eta nahikoa goretsi ere. Hala eta guztiz ere, bere ibilbidearen azkeneko etapan bi talde desberdinekin harremanetan egotea lortu zuen. Zalantzarik gabe, surrealisten geometria amorfoak, Jean Arpek 1932an sortu zuen Konstelazioa bost forma zurirekin eta bi beltzekin, III. bariazioa (Constellation aux cinq formes blanches et deux noires, variation III) obra horren eredu izanik, eragina izan zuen Kandinskyren aldi hartako konposizio organikoetan. Abstrakzioa-Sorkuntza taldea ere gustuko zuen, estetika ez-figuratiboa defendatzen zuen taldea hain zuzen, Piet Mondrian eta Georges Vantongerlooren obrak izanik horren erakusgarri. Ordea, talde hark artearen purutasuna eta naturatik banantzea sutsuki defendatzen zuen eta filosofia hori ez zetorren bat Kandinskyrenarekin. Artista bizitasun handiko testuinguru hartan hil zen 1944an, Neuilly-sur-Seine-n.

Erakusketa honetan ikusgai jarri diren obrek Vasily Kandinskyk Solomon R. Guggenheim Museum-en bilduma osatzeko garaian izan zuen nagusitasuna erakusten digute. Izan ere, bertako fondoetan artista honen 150etik gora obra daude bilduta, baita XX. mendeko artean zehar abstrakzioaren eta figurazioaren artean ezarritako gero eta harreman konplexuagoaren adibideak ere. Pinturaren abstrakzio puruaren ikuspegi estetikoak, Solomon R. Guggenheim Museum-en lehenengo zuzendari Hilla Rebayk zehaztuak eta Kandinskyren obran ereduz adieraziak, katalizatzaile gisa balio izan zuen arte modernoaren eta garaikidearen maisu-lan adierazgarriak bezain ugariak barne hartzeraino zabaltzen joan den bilduma bikain hau osatzeko.

 

Vasily Kandinsky
8. Konposizioa (Komposition 8), 1923ko uztaila
Olio-pintura mihise gainean
140 x 201 cm.
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Solomon R. Guggenheim sortze bilduma, Dohaintza, 1937

Partekatu