Hautatutako presidentea | James Rosenquist | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

James Rosenquist: atzera begirakoa

2004.05.13 - 2004.10.17

1950eko hamarkadaren bukaeratik, James Rosenquist lan aparta eta zoragarria sortzen aritu da. 1960ko hamarkadan, mendebalde ertainean eta New Yorken publizitateko panelen pintore gisa lan egin zuen aldiaren ondoren, Amerikako pop mugimenduaren aitzindari bilakatu zen, Jim Dine, Roy Lichtenstein, Claes Oldenburg eta Andy Warholekin batera. Bere garaikide ziren artista haiek bezala, publizitateko eta hedabideetako ikonografiaz baliatu zen bizitza modernoaren sentsazioa iradokitzeko. Bere pinturek zuzenean aipatzen dute sortu zituen garaiko testuinguru politikoa eta kulturala.

Bere pintura pop ezagunetatik dimentsio izugarriak dituzten obretaraino, pintura abstraktuaren teknikak erabiltzen dituen azkenaldiko obrak tartean zirela, James Rosenquist: atzera begirakoa erakusketak agerian utzi zuen artista honi ehundura, kolorea, lerroa eta forma interesatzen zaizkiola eta oso ondo menderatzen dituela, oraindik ere publikoarengan miresmena sorrarazten eta artisten belaunaldi gazteagoengan eragina izaten jarraituz.


Rosenquist 1933an jaio zen Grand Forksen, Ipar Dakotan (AEB) eta nerabe zela eskolak jaso zituen Minneapolis Institute of Art-en. Geroago, 1952 eta 1954 bitartean, pintura ikasi zuen Cameron Boothekin Minnesotako Unibertsitatean. Udaldietan publizitateko panelak pintatzen lan egiten zuen. 1955ean New Yorkera joan zen bizitzera Art Students League-n ikastera, eta bertan George Grosz dadaista alemana eta Edwin Dickinson pintore estatubatuarra izan zituen irakasle besteren artean. Urtebete ondoren Art Students League utzi zuen eta 1957an publizitateko panelak pintatzeari ekin zion berriro. New Yorkeko hiri osoan zehar aritu zen panelak pintatzen, Times Square barne.

1960an Rosenquistek publizitateko pintura alde batera utzi eta estudio txiki bat alokatu zuen Manhattaneko behealdean; Robert Indiana, Ellsworth Kelly eta Jack Youngerman artistak bizilagun zituen. Urte haietan eta nagusi zen espresionismo abstraktuaren ildotik erabat aldenduta, Rosenquistek errealismo berriaren bertsio berezia garatu zuen, laster pop artea deitu zitzaiona. Publizitateko panelak pintatzen jaso zuen prestakuntza agerikoa da publizitatetik hartutako irudien eta koloreen erabileran, baita bere obren eskala handian ere.

Erakusketa honek lehen aldiz jarri zituen ikusgai Rosenquistek 1955ean New Yorkera iritsi zenean egin zituen lehenengo abstrakzioak, olio-pintura intimo eta kolorista batzuk eta ikatz ziriz egindako bizitasun handiko marrazkiak (guztiak Titulurik gabeak, 1956–57 urtetakoak). Rosenquistek Zona (Zone, 1960–61) pintura bere ibilbidearen hasieran egindako aurrerapausoa izan zela aipatu izan du. Obra hori abstrakzioarekin eta garai hartan nagusi zen espresionismo abstraktuarekin egin zituen lehenengo esperimentazioetatik bereizten da. Grisaila paleta mugatu baten bidez, Zona pinturak emakume baten burua eta eskuak erakusten ditu —Rosenquistek aldizkari bateko eskuetarako krema baten iragarkitik hartuak— tomate distiratsu baten xehetasunaren ondoan. Pintura hori Rosenquist ospetsu bihurtu zuten bat-bateko eskala eta eduki aldaketa handiak agertzen direneko lehenengo lanetako bat da. 1962an bere lehenengo erakusketa egin zuen bakarka New Yorkeko Green Gallery-n eta harrezkeroztik ia taldeko erakusketa berritzaile guztietan egon zen, pop artea 1960ko hamarkadako mugimendu artistikotzat hartu zuten erakusketetan, alegia.

Hautatutako presidentea (President Elect, 1960–61/1964) erakusketan bildutako obra nabarmenetakoen artean egon zen. Lan ikoniko horrek John F. Kennedyren erretratu handi bat erakusten digu, 1960ko hauteskundeetarako kanpainaren poster batetik hartua, eta Rosenquistek erdi mailako klasearen kontsumismoa eta ongizatea aditzera ematen dizkiguten irudiak jarri dizkio ondoan. Hala, hauxe da egiten duen galdera: "Hementxe dugu Ameriketako Estatu Batuetako Presidente izan nahi duen tipo berri hau: Zer eskaintzen digu?".

Behin-betiko pinturaren ondoan, Hautatutako presidentea pintura prestatzeko erabili zuen collagea ere ikusgai jarri zen. Rosenquisten collage asko, orain berez artelan gisa hartzen direnak, lehen aldiz jarri ziren ikusgai erakusketa honetan, Rosenquisten metodoaren ikuspegi berri bat eskainiz eta artistak erabiltzen zuen sorburuko materiala baita bere sortze-lanaren prozesua ere agerian utziz. Rosenquistek hainbat teknikaz baliatuz egindako lanak ikusgai jartzeak (erakusketa honek bere marrazkien eta lan grafikoen ikuspegi sakona barne hartzen du ere bai) aukera ematen dio ikusleari sortzaile honen kezka estetiko eta ideologiko konplexuak behatzeko.

Egoera kulturalari buruz egindako beste hausnarketa sakona Industri etxea (Industrial Cottage, 1977) dugu. Amerika modernoan pertsonek industria astunarekin partekatu behar duten espazioari —sarritan txikiari— buruzko obra da; Rosenquistek Industri etxea obra aipatzen duenean galdera hau planteatzen digu: "Hau al da AEBk goratzen duena?". Tituluaren hitzen ordena alderantzikatzen badugu hauxe da emaitza, "etxeko industria" (famili mailan garatu ohi den jarduera ekonomikoa). Horrela, Rosenquistek hiri plangintza txarra aditzera ematen digu, industrialdeak parke publikoen ondoan kokatzen dituena, baita makinek eta teknologiak egoitzazko eremuak inbaditzen dituzten modua ere.

1980ko hamarkadan eta 1990ekoaren hasieran, Rosenquistek loreen eta ingurune naturalen pintura sorta bat egin zuen. Floridako estudioa inguratzen duen landaredia jorian inspiratuta, klima tropikaleko loreak dagokien indar eta fintasun guztia jasoz pintatzen ditu. Amatxi-lore entsalada (Nasturtium Salad, 1984) eta Pasio-loreak (Pasión Flowers, 1990) obretan nahastuta agertzen dira landarediaren eta emakumezko aurpegien irudikapen joriak. Giza interferentzien arrasto zehatz horiek aurrerabide mekanikoa eta teknologikoa aditzera ematen digute, irudi hauek bezalaxe sarritan naturarekin gatazkan dagoen aurrerabidea izanik. Rosenquistek ingurumenarekiko duen kezka agerikoa da baita ere 1980ko hamarkadako Ur planeta (Water Planet) sailean, Ongi etorria Ur planetara (Welcome to the Water Planet, 1987) obra barne hartzen duen horretan. Dotorezia handiko loreen eta uraren inguruko obra hauek "pintura politiko eta ekologiko" gisa deskribatu ditu artistak, Lurreko bizitzaren zaurgarritasunari buruzkoak.

Rosenquisten narratiba bisual konplexuak gertakari, pentsamendu edo ekintza zehatzak erakusten dizkigu collage teknikaren bitartez. Irudi ausartak izan ohi dira eta publizitateak berezkoa duen trebetasunaz eginda daude, eta deigarriak dira darien indarragatik, baina konbinatuta dauden moduak indargabetu egiten du publizitateari dagokion mezu komertziala, eta gizakiaren eta bizitza modernoaren elkarrekintzari buruzko ikerlan sotila iradokitzen digu. Obra original hauek elkarri lotuta dauden narratibak osatzen dituzte, bertan bat ez datozen objektuak konbinatuta agertzen dira mezuak oihartzuna izan dezan.

Rosenquistek publizitateko panelen pintore gisa hasieran egin zuen lanak eragina izan du bere obren eskalan. Horixe da, Igerilaria ekonomiaren lanbroan (The Swimmer in the Econo-mist, 1997–98) obra monumentalaren kasua, Berlingo Deutsche Guggenheimen eskariz egindako hiru pinturaz osatua. Ruhr ibaiaren arroa eta Alemaniako banderaren koloreak barne hartzen dituen ikonografiarekin, koadro hauek herrialde bat aditzera ematen digute historiaren une jakin batean, baita ekonomia globalaren elkarmenpekotasuna ere. Rosenquisten obra ugaritan gertatzen den bezala, Igerilaria ekonomiaren lanbroan obrak era hunkigarriaz jasotzen ditu gai sozialak eta politikoak eta, aldi berean, kultura kapitalista modernoaren dinamika islatzen du.

Bere ibilbidean zehar, Rosenquistek jakin-mina erakutsi du unibertsoaren, teknologiaren eta teoria zientifikoen aurrean. Miresmen hori Flamenko kapsulan (Flamingo Capsule, 1970) antzeman daiteke; programa espazial estatubatuarrari eta 1967an Apolo I.ean bidaiatzeko entrenatzen ari ziren bitartean leherketa baten ondoren hildako hiru astronautei egindako omenaldia da. Kezka hori ondoren egin zuen sail dinamiko eta kolorista batean ere antzeman daiteke, Argiaren abiadura (Speed of Light) sailean, Polizoiak argiaren abiaduraz begiratzen du (The Stowaway Peers Out at the Speed of Light, 2000) barne hartzen duena, eta 208. aretoan ikus zitekeena. Einsteinen erlatibitatearen teoriaren arabera, mugitzen ari ez zen ikusleak oso bestelako moduan ikusi behar zuen edozein gertakari argiaren abiaduraz bidaiatzen ari zen beste ikusle batekin konparatuta eta, izan ere, Polizoiak argiaren abiaduraz begiratzen du obrak ikusleak artelanaren inguruan duen "ikuspegi" mugatua islatzen du. Rosenquisten erreferentzia bisualak pertsonalak eta misteriotsuak dira, bisitari bakoitzari bururatzen zaizkion asoziazioak bezalaxe. Beraz, interpretazio bakoitza berezia eta bakarra da.

Erakusketa kronologiaren eta gaien arabera antolatu zen bigarren solairuko aretoetan. 205., 206. eta 207. aretoak 1960ko hamarkadako lehenengo obretan oinarritu ziren, eta bertan pinturak dagozkien hasierako collage ikusgarrien eta paper gaineko lanen ondoan agertzen dira. Erakusketak 209 aretoan jarraitu zuen, 1970eko eta 1980ko hamarkadetako pinturak eta eskulturak izan ziren bertan ikusgai. 202. eta 203. aretoetan, batetik, Loreak (Flowers), Pistolak (Guns) eta Panpinak (Dolls) pintura sailak aztertu ziren, 1980ko eta 1990eko hamarkadakoak eta, bestetik, azken hogeita hamar urteetako obrak, teknologiaren, espazioaren eta kosmosaren ingurukoak. 208. aretoan tamaina izugarriko bi obra jarri ziren ikusgai: Izar lapurra (Star Thief, 1980) eta Polizoiak argiaren abiaduraz begiratzen du. Eta erakusketa amaitzeko Igerilaria ekonomiaren lanbroan sailaren hiru pinturak ikusi ahal izan ziren. Pintura horiek Museoaren lehenengo solairuko 104 aretoan kokatu zen Bilduma Iraunkorraren Pop artea aurkezpenean egon ziren ikusgai. Erakusketa horrek Rosenquisten obrari dagokion testuinguru historikoa eskaini zuen. Azkenik, 204. aretoak Igerilaria obrarako collage teknika erabiliz egindako marrazkiak eta estudioak aurkeztu zituen; 104 aretoko amaierako bertsioa balkoitik ikus zitekeen.

Ikonografia bereziaren bidez, Rosenquistek bere obran gai modernoak eta gaur egungo gertakariak landu ditu, gerraren aurkako adierazpenak bildu ditu eta planetako gizartearen, politikaren, ekonomiaren eta ingurumenaren halabeharraz duen kezka aditzera eman digu. Erakusketak Rosenquisten pinturen eta eskulturen hedadura azpimarratu zuendu eta marrazki, collage eta grabatuan egindako lanaren inguruko ikuspegi sakona eskaini. James Rosenquist: atzera begirakoa erakusketak artistaren lorpen guztiak eta baliabide anitzetako teknika bildu zituen.

Sarah Bancroft

 

James Rosenquist
Hautatutako presidentea (President Elect), 1960-61/1964
Olio-pintura masonita gainean
228 x 365,8 cm.
Centre Georges Pompidou, Musée National d’Art Moderne/Centre de Création Industrielle, Paris
Argazkia: James Rosenquist-en eskaintza

Partekatu