Barbara Kruger
Laster ikusgai

Barbara Kruger

2025.06.24 - 2025.11.09

Guggenheim Bilbao Museoak harrotasunez aurkezten du Barbara Kruger artista estatubatuarrari espainiar estatuan eskainitako lehen erakusketa antologikoa. Krugerrek berrogei urtetik gora darama publikoa liluratzen komunikabideetatik ateratako irudi zirraragarriak esaldi ausart eta probokatzaileekin uztartuz eta ikusleak identitatea, desioa eta kontsumismoa moldatzen dituzten botere-dinamikei aurre egitera bultzatuz. Haren obra ikonikoek zuzenean interpelatzen gaituzte, eta gure artean eta inguratzen gaituen munduarekin nola erlazionatzen garen hausnartzera gonbidatzen gaituzte.

Erakusketa honek agerian uzten du Krugerrek nolako trebetasuna duen espazio arkitektonikoak testuan oinarritutako esperientzia murgiltzaile bihurtzeko. Bisitariak hizkuntza ardatz duten indar handiko instalazioetan sartuko dira, non biniloek, soinu-paisaiek eta kanal anitzeko bideo-lanek inguru osoa hartzen duten. Pieza horietako askok Krugerren lehen lanak berraztertzen eta berrimajinatzen dituzte, eta indartu egiten dituzte digitalizazioaren, formatu handiko LED pantailen eta soinua gehitzearen bidez.


Artistarekin elkarlan estuan antolatutako erakusketa honek Krugerrek hizkuntzaren, komunikabideen eta aro digitaleko esanahiaren inguruan egindako ikerketa probokatzaileak aztertzera gonbidatzen du publikoa.

Aretoak: 201, 202, 203, 205, 206, 207, 209
Komisarioa: Lekha Hileman Waitoller


Barbara Kruger
Titulurik gabea (BETIKO) [Untitled (FOREVER)], 2017
Inprimaketa binilo-paper gainean
Neurri aldakorrak
FOREVER instalazioaren ikuspegia, Sprüth Magers, Berlin, irailak 16, 2017–urtarrilak 20, 2018
Eskaintza: artista eta Sprüth Magers
Argazkia: Timo Ohler