Twista dantzatzen | Malick Sidibé | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

%100 Afrika

2006.10.12 - 2007.02.18

Jean Pigozzi suitzar argazkilari eta enpresaburua egungo arte afrikarraren inguruko bilduma zabala ari da batzen1989. urteaz geroztik. Bilduma hau, André Magnin arte arduradunaren laguntzarekin, Contemporary African Art Collection (CAAC) bihurtu da. Erakusketa honek bilduma ezagun horretako artelan-aukeraketa bat aurkeztu zuen. Bilduma horrek afrikar kontinenteko arte-sorkuntzaren eremu zabala hartzen du barne, eta adierazpide mordoa jasotzen du. Erakusketak hogeitabost artista hartu zuen barne, hala nola, Frédéric Bruly Bouabré, Bodys Isek Kingelez, Chéri Samba eta Malick Sidibé, besteren artean. Artista horiek Sahara azpiko hogeiren bat herrialdetakoak dira. Erakusketan, gainera, aurretik inoiz ikusgai jarri gabeko artelan mordoa ikusi ahal izan zen, baita bereziki erakusketa honetarako eginiko beste hainbat artelan ere.

Afrikako arte garaikidea
%100 Afrika erakusketak, Contemporary African Art Collection bildumak aurkeztutakoak, Afrika beltzeko adierazpide anitzen eta jorien adibide diren hainbat artista afrikar garaikide hartu zituen barnean. Aukeratutako artista horiek Sahara azpiko Afrikan bizi dira eta bertan asmatu eta sortu dituzte hemen aurkeztentako artelanak. Aukeraketa honekin, euren kontinentearen etorkizunean irmo eta itxaropentsu konprometitu diren sortzaileei laguntza eta babesa eskaini nahi izan zitzaien. Erakusketak 15 herrialde baino gehiagotan zehar bidaiatzera gonbidatu zituen bisitariak, eta Afrikako sorkuntzari buruz ia ezagutzen ez dugun ikuspegi berezia proposatu.


Afrikako arte garaikidearen nozioak berak mendebaldearen ikuspegi berri bat dagoela aditzera ematen digu, XX. mendearen bukaerako nazioarteko eszenan garrantzia hartu duen ikuspegia. Kolonizazioaren garaian folklorearen eta artisautzaren mailara baztertuta zegoen «azpigaratuak» deitutako herrialdeetako artegintza. Hala, arte garaikidearen kategoria mendebalderako utzirik, lehen munduko artistek, kritikariek eta ikertzaileek babestuta ikusten zituzten euren buruak. Jakina, Afrikan ere bazegoen akademietatik sortutako artea, gurearen antzekoa, irakaskuntza kolonialaren eta postkolonialaren emaitza gisa sortua. Ondoren, 1980ko hamarkadaren bukaeran, ikuspegi geografikotik begiratuta aztertu izan zen arte garaikidea: garai hartan bertan hasi ziren ikertzen kulturen arteko harremanak eta unibertsalizazioaren nozioak.

Alde batera utzita zuten parte oso bat, sorkuntza garaikidearen osagai zena. Baina, azkenean, zati horrek kultur bizitzan eta mendebaldeko herrialdeen kontzientzian lekua lortu zuen. 1986az geroztik gertatu zen hori, André Magninek, bildumaren oraingo arte arduradunak eta erakusketa honen komisarioak, kontinente "ahaztuetan" —Afrika, Hegoamerika, Asia, Ozeania— ikerlan sistematikoa egiteari ekin zionean, Magiciens de la terre erakusketa historikoa antolatzeko asmotan. Erakusketa hura 1989an ikusi ahal izan zen Parisko Centre Pompidou-n eta Grande Hall de La Villete-n, eta benetan nazioartekotzat har zitekeen aurreneko erakusketa izan zen, erabat ezezagunak, harrigarriak eta askeak ziren artelanak ikusgai jarri zituena. Harrezkero, nazioartean hedatu eta, azkenean, arteen munduko historiaren osagai dira.

Contemporary African Art Collection
Magiciens de la terre erakusketak lehen aldiz erakutsi zituen maila berean kontinente guztietako artista garaikideak. Hala, gertakari haren ondoren sortu zen Contemporary African Art Collection (C.A.A.C.), orain arte afrikarraren munduko bilduma pribaturik garrantzitsuena dena. Jean Pigozzik erakutsitako gogo handiagatik eta André Magninekin topo egin izanagatik sortutako erakusketak Sahara azpiko Afrikan bizi diren eta bertan lan egiten duten belaunaldi guztietako artistak bildu ditu. Jean Pigozzik esan du: "1989. urtearen aurretik ideiarik ere ez nuen Afrikan hain sorkuntza-lan aberatsa eta joria egon zitekeenik".

Contemporary African Art Collection forma guztietako arte garaikide afrikarrari eskainitako bilduma da, munduan bakarra. Genevan du egoitza, eta nazioarteko arte moderno eta garaikideko museoen bakarkako eta taldeko erakusketak antolatu edo halakoetan parte hartzen du. Ez du museo izateko bokaziorik eta bere asmoen artean ez dago Afrikako artearen joera guztiak ordezkatzea. Abentura pertsonala da, bere aniztasunagatik eta artelanak aukeratzeko garaian erakutsitako irizpide zorrotz, independente eta eskakizun handikoengatik nazioarteko bilduma bihurtu den zaletasuna. Afrika beltza osatzen duten herrialde guztietako etengabeko ikerlana adierazten du eta artistei, haiek erakutsitako konfiantzari eta beti haien ondoan egon izanari esker bakarrik sortu ahal izan da. Afrikako testuinguruan, arte garaikideko museorik, bildumagilerik, galeriarik edo horrelakorik ez duen testuinguru horretan, ezinbestekoa da artistekin harremanetan egotea.

1986az geroztik,  André Magnin arte arduraduna Magiciens de la terre erakusketarako ikertzen hasi zen garaitik, alegia, egoera nabarmen aldatu da teknologia berriei esker. Izan ere, teknologia horiei esker kontinenteko artistak elkarren artean komunikatu eta antolatu daitezke, eta arte garaikidearen inguruan izaten diren munduko ekitaldirik ospetsuenetan parte hartu dezakete. "Iraultza· horrek izugarri lagundu du gaur egungo arte afrikarra aintzat hartzen.

%100 Afrika
%100 Afrika
erakusketak Sahara azpiko Afrikan bizi diren eta bertan lan egiten duten 25 artista afrikar garaikide aurkeztu zituen. Erakusketak sortzaileen belaunaldi bat baino gehiago barne hartu ditu, eta pintoreak, marrazkilariak, argazkilariak, eskultoreak eta bideo-artistak daude. Nazioartean ospetsu diren sortzaileak izan ziren, hala nola, Seydou Keïta erretratugile bikaina, Chéri Samba, George Lilanga eta Richard Onyango pintoreak, Frédéric Bruly Bouabré entziklopedista eta unibertsalista, nekez sailka daitezkeen Bodys Isek Kingelez eta Romuald Hazoumé; baita artista gazteagoak eta etorkizun handikoak ere, besteak beste, Abu Bakarr Mansaray, Titos Mabota, Pathy Tshindele edo Calixte Dakpogan. Ettore Sottsass diseinatzaile italiar handiak eta haren kolaboratzaile Marco Palmierik sortu zuten erakusketako eszenografian.

Sortzaile horiek gehienak hirigune handietan bizi dira eta artelan figuratiboak, narratiboak edota didaktikoak egiten dituzte gehienbat; oso hurbil daude euren publikoarengandik, eta bertako eta nazioarteko gaurkotasunetik. Bizi diren ingurunea jasotzen duten instanteko lan bisual hauek, ezagutzak transmititzeko oraingo modua izan daitezke, Afrikako ahozko tradizioaren ondarea. Kinshasako biztanleek radiotrottoir deitu ohi diotena da ["hiriko zurrumurrua"; hiztegi frantses-afrikarrari dagokio]. Beste artista batzuk auzo kaotikoen erdian bizi dira; ametsen bidez ihes egiten dute bizi diren lekutik, euren egunerokotasunetik, eta horretarako "galaxiarteko" makina irudikorrak asmatzen dituzte, beste mundu batera bultzatzen dituztenak .

Azkenik, badira beste sortzaile batzuk, eskultoreak batik bat, euren sorterrian sustraituta bizi direnak. Objektuen sortze-lana iraunarazten dihardute eta tradizioak, sinesmenak, ipuinak eta elezaharrak aberasten dituzte, baita naturaz gaindiko unibertsoak asmatu ere.

100% Afrika erakusketak taldeari dagozkion gaien garrantzia nabarmendu zuen, eta kontinentearen ezinbesteko errealitateetako batek komunitatearena izaten jarraitzen duela erakutsi zigun. Afrikako sorkuntza garaikidean gehien nabarmendu eta aldarrikatzen den konstanteetako bat hauxe da, artistak erabat murgildurik daudela euren ingurunean eta harantz bideratzen dutela euren begirada, nazioartean ulertuak izatea euren nahietako bat den arren.

Hain zuzen ere, Bété alfabetoa (1990–91), Boli Kostako Frédéric Bruly Bouabré artista unibertsalista zaharraren funtsezko lanetako bat da, eta idazkeraren jabe ez den Bété herriarentzat asmatu zuen hasiera batean, munduko hizkuntza guztiak idatzi ahal izatea azken helburua zela. Artistak egindako adierazpenetan hauxe dio: "niretzat, Afrikako tradizioak eta errealitatea edertasun handikoak dira, eta edertasun hori interpretatzea eta harrotasunez erakustea merezi du pertsonei informazioa eta heziketa emateko".

Kongoko pintore famatu Chéri Sambak, "Zaireko herri-pintura" Chéri Chérin, Moké eta Bodorekin batera sortu zuenak, hauxe dio: "Nire arteak nire ingurunearen eragina du, herritik dator, herriari dagokio eta hari zuzentzen zaio. Bere sorburuak edozein izanda ere munduko bazter guztietan ulertu behar zaio artistari".

Bodys Isek Kingelez artista kongoarrak, Kinshasa megalopoli kaotikoaren erdian bizi denak, konpromiso estetikoa eta poetikoa hartu du bere gain. Zalantzak ditu giza egoerari buruz eta bere artea komunitatearen zerbitzura jarri nahi du bestelako mundu bat sortzeko asmotan. Bere hiri irudikor eta utopikoen bidez hauxe ematen du aditzera: "artea goi-mailako jakintza da, eta taldearen etorkizunik onenaren parte da".

Benin-eko Romuald Hazoumé artistak, bere burua sortzaile garaikide nomadatzat duenak, "bidoi-mozorroei" esker lortu du orain duen ospea. Eguneroko bizitza zalantzan jartzen du eta nazioarteko gaurkotasunaren eldarnioei buruzko interpretazio erradikala proposatzen du. Historiatik, kulturetatik, sinesmenetatik, budutik eta hiztegi iniziatikotik edaten du bere kontinenteko ustelkeria salatzen duten sortze-lanak zehazteko; esklabotza modernoa eta Afrikarekiko mendebaldeko herrialdeek garatutako politika iraintzen duten obra dira.

Efiaimbelok, orain gutxi hil den Madagaskar-eko artistak, arte sakratua sortu zuen, uhartean fama handienekoa. Bere dotoreziari eta asmamenari esker ondo jakin zuen halako artea bizirik iraunarazten. Haren aloalo-ak, hildako dirudunen edo buruzagi espiritualen hilobiak apaintzen dituzten eskultura tradizionalak, heriotzari baino bizitzari eskainitako omenaldia dira. Aloalo-en goialdeak hildakoaren existentzia markatu duten gertakariak, klanaren bizimodua eta honen pasadizoak eta kondairak gogora ekartzen ditu. Efiaimbeloren obrak jakintzen eta ezagutzen edukitzaile izatea du helburu, belaunaldi gazteagoei transmititu ahal izateko.

1980ko hamarkadara arte Afrikako argazkilaritzak ez zuen entzute handirik izan nazioartean. Eremu horretan diharduten artistarik adierazgarrienak—Keïta, Malick Sidibé, J.D. ‘Okhai Ojeikere eta Depara— erretratugileak eta erreportariak dira, historiaren lekuko gisa jardun eta gertakari sozialak jasotzen dituztenak.

1948 eta 1962 urteen bitartean Seydou Keïtak, Maliko erretratugile handiak, Bamakoko biztanle ugariri egin zizkien argazkiak. Egin zituen erretratu ugari haiek Maliko garaiko gizartearen testigantza paregabea dira. Keïtaren argazkiak, piztu dezaketen interes soziologikotik harantz, artelanak dira inolako zalantzarik gabe. Irudien kalitateari ez ezik modeloen posatzeko modu originalari zor dio lortu duen ospea. Izan ere, erretratugile garaikiderik onenetakoen artean zegoen.

1950eko hamarkadaren irakinaldian kultur eta gizarte bizitzan erabat sartuta zeuden argazkilarien belaunaldi berria sortu zen, eta bizitza horren partaide eta lekuko izan ziren. Malick Sidibé maliarrak eta Depara kongoarrak gazteen mundua jasotzen dute, Europatik eta Kubatik etorritako musika eta dantza ezagutu berri duten, mendebaldeko modari jarraituz janzten diren eta dotorezian lehian jarduten duten gazteena. Euren artxiboek aparteko informazioa biltzen dute deskolonizazioaren aurreneko urteei buruz. Euren herrialdeetan egindako erreportajeetan errealitatez betetako irudiak eskaintzen dizkigute, eguneroko bizimoduaren, famili bizitzaren eta aisialdiko guneen instanteko irudiak, alegia.

Ojeikere argazkilari nigeriarrak gogotik ekin zion ezohiko proiektu artistiko bati, sorkuntza-lantzat hartzen dituen orrazkera afrikarrei eskainia. 35 urte eman ditu zeregin horretan eta bere herrialdeko orrazkeren artxibo berezia landu du, milaka urteko ondarea eta memoria kolektiboa osatuz. Afrikako orrazkeren aniztasuna eta edertasuna ezagutzera eman digu. Bere obran bat eginik agertzen dira lan antropologikoa, etnografikoa eta, batez ere, estetikoa.

%100 Afrika erakusketa Afrika beltzeko artista horiek lan egiten duten testuinguru historiko, politiko, soziologiko eta kulturalaren ezagutza sakonari esker egin ahal izan zen. Bertan bildutako artelanak tradizioaren, sinesmenen, kultur trukeen, lehenaldiaren eta orainaldiaren arteko bategite txundigarriaren erakusgarri dira, euren historian hertsatu nahi dituen ondaretik ihesi. Garrantzizkoa da, gaur egun, artista afrikar horiek euren sorburuen ikuspegitik bakarrik begiratu beharrean egiten duten artearen aberastasuna, berezitasuna eta indarra aintzat hartuta begiratzea.

 

Malick Sidibé
Twista dantzatzen (Dancer le Twist), 1965
Zilar-gelatinazko kopia
100 x 100 cm
C.A.A.C.-ren eskaintza – Pigozzi Bilduma, Geneva
© Malick Sidibé

Partekatu