Tamarind litografia - tailerra eta erretikulei buruzko azterlanak (1963–70)
Atal honetan aurkezten diren lanek Gegok 1963 eta 1970 bitartean hainbat baliabidetan esperimentatzean lortu zituen garapen garrantzitsuak erakusten dituzte. Gego 1959an izan lehen aldiz Estatu Batuetan, baina gerora maizago joaten hasi zen. 1963an eta 1966an Los Angelesko Tamarind litografia-tailerrera joateko gonbidapen bana jasoko ditu. Bertan, estanpa eta artista-liburu ugari egin zituen. Hemen ikusgai den sortak Gegok lerroaren, formaren eta espazioaren inguruan egin zuen ikerketaren bilakaera erakusten du, baita teknika eta material berrien erabilera ere. Gofratua, grabatua, akuafortea eta litografia lantzeari esker, estanpatzaile aditu bihurtu zen garai horretan.
1969an, Gegok beste norabide bat hartu zuen: “lerro paraleloetatik” urrundu eta “erretikularea” edo “erretikula-area” direlakoetara pasa zen. Termino horrekin izendatu zituen bi eta hiru dimentsioko ekoizpenaren baitan egin zituen hainbat forma erretikular (erretikula- edo sare-formako egiturak). Atal honetan ikusgai dauden titulurik gabeko marrazkiak 1969–70 urtekoak dira, Gego erretikula-formen diseinuarekin esperimentazio eta azterketa bizian aritu zen garai batean sortuak. Paper gainean tintaz egindako konposizio abstraktuok elkarri lotutako forma geometrikoak dituzte, hala nola triangeluak eta karratuak, eta uhinak eratzen dituen sare baten itxura hartzen dute guztiek batera.