Santuak
Artangel erakundeak enkargatu eta lehen aldiz 2007an aurkeztutako Santuak lanak agerian uzten du Pfeifferrek nolako interesa duen Londresko Wembley estadioarekiko, hau da, Ingalaterrako denbora-pasa nazionala den futbolaren epizentroarekiko. Estadioa 1923an eraikia da berez, baina goitik behera berritu zuten 2001 eta 2007 bitartean, eta zaharberritzearekin zeharo aldatu zen ikusleen esperientzia, goi-mailako teknologiako bozgorailuak eta pantailak ipini baitzituzten. Ikusle izateko modu zaharretik berrirako eraldaketa hori aztertzean, Pfeifferrek 1966ko partida ikoniko bat berrirudikatu zuen, Ingalaterrak luzapenean Mendebaldeko Alemania garaitu eta munduko txapelketa irabazi zuenekoa (titulua eskuratu duen lehen aldia, eta bakarra). Irudiz eta soinuz blaitutako instalazio honetarako, Pfeifferrek futbol-partida epiko haren soinu-paisaia berregin zuen milatik gora pertsonaren laguntzaz: Manilako zinema batean bildu zituen norgehiagoka historiko haren irudiak ikusteko. Artistaren ustez, jendetza entzutea bera da elementurik esanguratsuenetako bat bai esperientzia kolektiboaren bai pertenentzia senaren eraikuntzan. Jarraitzaile britainiarren eta alemaniarren oihuen ordez Filipinetako jendetzaren ahotsak erabiltzean, kirolaren historiako une ahaztezinetan nazionalismoa nola azaleratzen den aztertzen du artistak.