Lerroak marraztuz eta bakea defendatuz

“Orain (…) bonba bat lehertzen ari da munduko bazterren batean. Baina izango da mundura oraintxe bertan sortzen ari den bizitza berririk ere. ‘GELDITU BONBAK!’, horixe sentitzen dut bihotzaren barren-barrenetik”.

Yoshitomo Nara

 
Marrazketa funtsezkoa da Nararen jardunean: bere ibilbidean zehar, paper, kartoi nahiz zur gainean —hau da, eskura duen edozein materialetan— zirriborratu izan ditu ideiak, eta, gero, zirriborro horietako batzuk margolan bihurtu ditu. Marrazkiak aukera ematen dio margolanetan transmititzeko gai ez den berehalakotasun batez adierazteko emozioak. Arkatzez zein boligrafoz, inguruko munduan deigarri eta zirraragarri gertatzen zaionaren esentzia irudikatzen du Narak, batez ere pasio handi duen musikari dagokionean.

Nara Estatu Batuetako armadaren irrati batean ematen zuten musika entzunez hazi zen. 1967an erosi zuen lehen diskoa, eta, gerora, hirurogeita hamarreko hamarkadako glam rockaren estetika deigarria eta punkaren espiritu oldarkorra ezagutu zituen. Horien inguruan egin zituen marrazkiek argi erakusten dituzte musikak artistarengan duen izugarrizko eragina, baxu-erritmoak eta bateria-hots azkarrak. Marrazki horiek agerian uzten dute, edonork ulertzeko moduan egin ere, artistak nola erantzuten duen soinuaren eta mugimenduaren aurrean. Mugimendu biziko pertsonaia gisa irudikatzen ditu musikariak, eta marrazki horiek gugan pizten duten berehalakotasun-bulkada oso desberdina da artistaren figura margotuak behatzeak eskatzen duen arretarekin alderatuta. Konposizioen ingeradak trazatzean, Narak era metodiko eta zehatzean marrazten du, baina, intuizioz ateratzen zaizkion erreakzioak jasotzeko orduan, sutsuki eta era ausartean egiten du.

Narak dituen kontzientzia politikoak, kezka humanitarioek eta gerraren kontrako jarrerak 1950eko eta 1960ko hamarkadetako kontrakulturan eta orduko folk eta blues musikan ere badute jatorria, eskubide zibilen eta bakearen aldeko mugimenduen soinu-bandan, alegia. Inoiz armadan egon ez bada ere, 2002an Nara Afganistanera joan zen gerra dokumentatzera, eta marrazkien eta argazkien bidez erantzun zion gudari. Artistak ez du sekula alde batera utzi kontzientzia soziala: 2011n Fukushiman gertatutako istripu nuklearraz geroztik, bere jarrera politikoa gero eta nabarmenago agertuz joan da bere artelanetan; modu aktiboan babestu ditu, halaber, inplikazio pertsonala sentiarazten dioten ekimen globalak, hala nola energia nuklearraren aurkako ekintzailetza eta ingurumen-arazoak salatzeko kanpainak. Manifestari askok eta askok baliatu izan dute Nararen ikonografia zuzen eta irisgarri hori, kritika politiko argi eta tinko hori, protestarako pankartetan artistaren irudiak eta mezu irmoak jasota.

Pinturan aurkitu ez duen askatasun-maila eskaintzen dio marrazkiak Narari: oso gogoko ditu gauzapen azkarrak eta trazu arinak ematen dituzten aukerak. Baina mota horretako definizioa bere margolanetan ere erabiltzen du, eta antzeko kalitate grafikoa ematen die ingerada sendoen eta lerro gutxi batzuen bidez.