Lehen obrak (1951–55)
Bigarren Mundu Gerratik aurrera aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial handiak izan zituen Venezuelak. 1939an petrolio-esportatzaile nagusietako bat zen, eta, gerraren ondoren, herrialdeak bere modernizazioa finantzatu zuen bai petrolio-industriaren loraldiari bai Estatu Batuen laguntza ekonomikoari esker; arteak ere eraldaketa sendoa bizi izan zuen. Berrogeita hamarreko hamarkadan abstrakzio geometrikoa agertu zen —forma, marra eta kolore garbiak eta egitura geometrikoak bereizgarri zituen nazioarteko mugimendua—, eta horrek berrikuntza handiko aldia ekarri zuen sorkuntza-arlora.
Testuinguru horretan, Gegok bizitza berriari ekin zion adopzio-herrialdean. 1940ko hamarkadaren hasieran bere kabuz hasi zen lan egiten Caracaseko arkitektura- eta hirigintza-estudioetan. 1953an, aldiz, praktika hori alde batera utzi eta sorkuntza artistikoa lantzen hasi zen Tarmas herrira joan zenean bizitzera, Venezuelako Karibeko kostaldetik gertu. Hantxe hasi zen paisaian, forma arkitektonikoetan eta figurazioan oinarritutako motiboak sortzen, atal honetan bildutako adibide batzuetan ikus daitekeen bezala.