Kontaketa luzea (Burrunba oihanean)
Kontaketa luzea Muhammad Aliren boxeo-borrokaldi ospetsuenen telebista-emanaldietan oinarritutako trilogia da. Honakoak izan zituen aurkari Alik: Sonny Liston Miamin (1964), George Foreman Kinshasan (1974) eta Joe Frazier Manilan (1975). Kontaketa luzea (Suspensea Manilan) piezak Aliren eta Frazierren arteko borrokaldia jasotzen du; askorentzat boxeoaren historiako borrokaldirik onenetakoa izandako hura lehenengo pay-per-view edo ordainpeko emankizunetako bat izan zen, eta garai hartan ikus-entzule gehien bildu zituen zuzeneko telebista-emanaldia izan zen mundu guztian. Saila lantzerakoan, jatorrizko artxiboko metrajea hartu zuen Pfeifferrek, eta irudien hondoa eta lehen planoa alderantzikatu zituen gainjartze-prozesu digital baten bidez; piezetan, boxeolariak kamuflatuta ageri dira itxuraz hutsik dagoen boxeo-ringean, eta inguruko publiko sutsua nabarmentzen du konposizioak. Horrela, Pfeifferrek ikuskizun handi honen erdi-erdian jarri zituen bi kirolari beltzen mamu-itxurako arrastoak.