Iraganaren eta etorkizunaren arrastoak
1. eta 6. maila bitarteko 16 ikasle, La Arboleda ikastetxea, Trapagaran
1. eta 6. maila bitarteko 16 ikasle, La Arboleda ikastetxea, Trapagaran
Hizkuntza: euskara
Artista: Ibon Garagarza
Irakasleak: Beatriz Berzosa, Leyre Alonso eta Nerea Arego
Tailer-programak aukera eman die ikasleei iraganak paisaiarengan eta komunitateengan uzten dituen arrastoei buruzko gogoeta egiteko. Lehenengo saioetan, euren eskolaz eta herriaz hitz egiten jardun zuten, eta bertakoak izatearen harrotasuna piztu zitzaien. Zugaztietako meatzaritza-iraganak pisu handia du ingurunean. Proiektu honen xedea etorkizunak ere protagonismoa hartzea izan da interesa ikastetxera eta haurrengana eurengana bideratuta.
Hasteko, eskola eta inguruko paisaia marraztu dituzte: korridoreak, ikasgelak, jolastokia, futbol-zelaia, eraikin ondoko zuhaitzak, leihoaz bestalde dagoen ikuspegia... Arretaz, kritikoki eta sormenez begiratzen ikasi dute horrela. Ondoren, herriko ingurune bereziaren eszenak margotu dituzte teknika desberdinak erabiliz: tenpera, akuarela, espraia eta txantiloak eta abar. Paisaia sinplifikatuz, irudi ia abstraktuak sortu dituzte.
Gainera, urak meategietako galeriak hartu zituenean sortutako lakuen ikuspegi bat margotu dute eskala handian. Pintura itzel horrekin photocall bat eraiki dute: erromantizismo garaiko paisaia bat balitz bezala sakontasun-sentsazioa transmititzen duen agertoki inguratzaile bat, ingurune idiliko batean argazki bat ateratzeko aukera eskaintzen duena. Leku jakin bateko pertenentzia-sena eta bertakoa izatearen harrotasuna daude proiektu honen atzean.
Ondoren, beren siluetak kalkatu dituzte kolore lauz margotutako erretratuetan, eta hitzak ere txertatu dituzte. Kokaleku posibleak aztertu ondoren, herriko hainbat lekutan zintzilikatu dituzte erretratuak, bizilagunak eskolara hurbiltzera animatzeko. Azkenik, eskolara sartzeko eskaileren itxura aldatu dute parte-hartzaileek egunero ikusi nahiko lituzketen irudiekin egindako baldosazko mosaiko baten bidez. Loreak, autoak edo txoriak forma karratuak erabilita irudikatu dituzte, abstrakzio geometrikoa lantzeko ariketa gisa. Modu horietan guztietan, ikasleek euren
aztarna artistikoa utzi dute herriko paisaian.