INPRESIONISMOA

Thannhauser Bildumak funtsezko betekizuna izan zuen Solomon R. Guggenheim Foundation funtsek hartzen zuten denbora-esparrua zabaltzen, horiei arte modernoaren aitzindari zuzenak gehituta.

Thannhausertarrak arte-salerosle garrantzitsuak izan ziren Alemanian, Suitzan eta Frantzian XX. mendearen lehen erdian, eta taldeko nahiz bakarkako erakusketa garrantzitsuak antolatu zituzten Frantziako XIX. mendearen amaierako abangoardiako artistak aurkezteko, haien artean Paul Cézanne, Edgar Degas, Édouard Manet eta Pierre Auguste Renoir. Artista berrizale haiek Paris zuten erdigunea, eta lotura zuten lausoki definitutako inpresionista taldearekin; zeinak pintzelkada zehaztugabea bezalako baliabide estilistikoak erabiltzen zituzten, espontaneitate-ilusioa sorrarazteko xedeaz. Cézannek formarekin egindako esperimentuak urrunago ere joan ziren: espazio erreala erreproduzitzeko helburu tradizionaletik desbideratu zen; haren lanak gero eta gehiago erakusten zuen jarraitasun espazialik eza, eta gero eta gehiago hurbiltzen zen abstrakzio geometrikora.

Inpresionistek efektu iheskorrak esploratu zituzten naturarekin nahiz hiriarekinlotutako gaietan, eta modu errealistan azaldu zituzten kultura frantsesaren klase-egituren eta usadioen aldaketak. Maneten Ispiluaren aurrean lanak (1876), esate baterako, prostituta bat agertzen du, bere psike ispiluari begira, erdi erantzita. Pierre- Auguste Renoirren Emakumea perikitoarekin (1871) obra Maneten lanaren antzekoa da islatzen duen intimitateari dagokionez, eta goierdi mailako klaseko emakume paristar gazte bat irudikatzen du bere txori kuttunarekin jolasean. Izan ere, garai hartan emakumeak itxita egoten ziren etxe barruko esparruetan —perikitoa bere kaiola urre-kolorean bezala—, ez baitzieten uzten beren gizonezko kideekin hirian barna libreki mugitzekin.