Ikusteko modu berriak
207 aretoa
“Ikusteko modu berriak” diogunean, 1970eko hamarkadan pentsatu ohi dugu, telebista mendebaldeko etxeetan eguneroko objektu bihurtu zenean. Hala eta guztiz ere, 1920ko hamarkadan, jendeak gauzak ikusten zituen modua dagoeneko hasia zen eraldatzen bizitzaren abiaduraren eraginez, zeina hainbat arlotan adierazten zen: mugikortasun handiagoa (automobila), fabriketako lan-metodo berriak (muntaketa-katea) eta informazioa transmititzeko bide berriak (irratia). Zinema eta argazkilaritza, artearen munduak ordura arte neurri handi batean alde batera utzitako diziplinak, gero eta onarpen handiagoa izaten hasi ziren, eta gero eta esperimentalagoak bilakatu ziren. Bukatu egin zen eztabaida, batetik, “arte figuratiboa/Objektibotasun Berria” defendatzen zutenen artean, eta bestetik, “abstrakzioa/Konstruktibismoa” defendatzen zutenen artean, edo etenaldi bat izan zuen behintzat, 1930eko hamarkadaren hasierara arte. 1920an, Walter Ruttmann zuzendariak baieztatu zuenez: “Denboraren espezifikotasuna gure garaiaren ‘abiaduraren’ ondorio da batez ere […] Horrela, bada, gure hausnarketaren helburua kurbaren fisionomia eta bilakaera tenporala da —etengabeko eraldaketan—, eta ez puntu isolatuen justaposizio zurruna”. Argazkilaritzaren arloko esperimentu ausartenak Man Rayk eta László Moholy-Nagyk egin zituzten, Film und Foto (‘FiFo’) erakusketan argi geratu zen bezala; hain zuzen, bertan ibili zen komisario lanetan Moholy-Nagy. 1929an erakusketa Stuttggarten hasi ondoren, Zurichetik pasa eta Berlin, Danzig, Viena, Zagreb, Munich, Tokio eta Osakan egon zen ikusgai. Garrantzi handiko erakusketa izan zen hura, bertan aurreneko aldiz aurkeztu baitziren batera zinema eta argazkilaritza; gaur egun, telefono adimendunaren aroan, nahiko begien bistakoa dirudi paralelismo horrek.