Hastapenak

205 aretoa

Suediako Armadan egindako meritu militarrengatik noblezia-maila lortu zuen familia batean jaio zen Hilma af Klint, gerora, kartografia nautikoan egindako ekarpenengatik ere nabarmendu zen sendia. Itsas-tradizio horri jarraituz, artistaren aita, Fredrik Viktor, ontzi-komandante eta itsas-armadaren akademiako zuzendari izatera iritsi zen, eta astronomia, nautika, matematika eta bela-nabigazioko eskolak eman zituen akademian. Ikasketa-inguru horretan hazi izana oso aberasgarria eta hezigarria izan zen Af Klintentzat. Haren obra abstraktuaren zati handi batean garbi ikusten da gai horiei buruz ezagutza zabala zuela; izan ere, zientzietatik eta kartografiatik hartutako diagramen irudiak erabiltzen zituen askotan margolanetan mezu espiritualak helarazteko.

Irakasle baten alaba izanik, Af Klint beti bultzatu zuten ikastera. Gaztetan, bere talentu artistikoa erakutsi ondoren, heziketa tradizionala jaso zuen, lehenik Eskola Teknikoan, ondoren Kerstin Cardon margolariaren akademian eta, azkenik, Suediako Arte Ederren Errege Akademian, non ohoreekin lizentziatu baitzen 1887an. Erakunde horrek emakumeentzako atal independente bat sortu zuen 1864an, eta, harrezkero, emakumeek hezkuntza plastiko integrala jaso ahal izan zuten bertan, lehen aldiz, paisaia, natura hila, erretratua eta aurrez aurreko marrazketa ardatz hartuta.