Gure ezaugarri komunak
6. mailako 13 ikasle, Katalin Erauso ikastetxea, Donostia
6. mailako 13 ikasle, Katalin Erauso ikastetxea, Donostia
Hizkuntza: euskara
Artista: Maider López
Irakasleak: Kistiñe Frutos
Zertan gara berdinak? Zertan gara desberdinak edo zein da gutako bakoitzaren bereizgarria? Nola sortu loturak gure artean? Horiexek izan dira Katalin Erauso ikastetxeko ikasleek eztabaidatu dituzten galderetako batzuk. Hala, programaren helburua taldeko kide izatearen sentimendua indartzea izan da, parte-hartzaile bakoitzari bere burua kolektibotasunean kokatzeko aukera ematea.
Lehenik eta behin, zerrendak idatzi dituzte: bizitoki izan dituzten hiriak, gogoko dituzten koloreak…. Ondoren, bikoteka, beren zerrendetan errepikatzen den zerbait dagoen bilatu dute. Jarraian, koloretako borobilak egin dituzte, eta, elementu komunak egotekotan, gainjarri egin dituzte. Prozesu horretan kontzeptu matematikoak landu dituzte, baina, batez ere, loturak sortu dituzte, kideek partekatzen dituzten eta bakoitzak bereizgarri dituen ezaugarrietan oinarrituta. Jarduera horri esker, hobeto ezagutu ahal izan dute elkar, eta nork bere indibidualtasuna txertatu ahal izan du taldean.
Jarraian, kontaktu fisikoa eskatzen duen ekintza artistiko bat antzeztu dute. Elkargune bakoitza —bi besok bat egiten
duten eremua, esaterako— kolore batekin identifikatu dute. Ondoren, gauzen arteko erlazioak ere markatu dituzte —mahai gainean dagoen arkatz baten gainazala, adibidez— eta, horrela, esperimentazioan aritu dira ikastetxean aurkitutako objektuen konfigurazio desberdinekin. Hainbat ariketatan, ikasleek beren eskuen siluetak marraztu dituzte beren gorputzarekiko lotura jorratzeko, baita gorputzaren irudikapenaren bidezko esperimentazioa lantzeko ere.
Ondoren, gorputzeko atal desberdinen marrazkiak elkartu eta izaki hibrido bat osatu dute: zati guztien baturaz egindako erretratu kolektibo bat. Eskuak erabiliz, gauzak eta lekuak neurtu, eta gorputzak eta espazioak lotu dituzte: zoruko baldosa baten perimetroa, aulki baten azalera, mahaia, eskailerak eta abar. Azkenik, nork bere gorputzaren silueta marraztu du; aurpegia —moztutako obalo baten bidez irudikatua— beste baten gorputzean jarrita, izaki hibrido gehiago sortu dituzte.
Jarduera horien bidez, ikasleek gorputzaz eta espazioaz duten kontzientzia areagotu ahal izan dute performancea edo ekintza-artea bezalako teknika artistikoak baliatuta.