Eros (1907)
205 aretoa
Tenplurako pinturak zikloaren bigarren multzoak Eros du izena, emankortasunari eta desirari lotutako maitasunaren greziar jainkoari erreferentzia eginez. Pintura hauetan, Hilma af Klintek maskulinoaren eta femeninoaren indar kontrajarriak (horiaren eta urdinaren bidez adieraziak, hurrenez hurren) orekatzen dituzten elementuak sartu zituen.
Figura-pintura handiak bezala —hurrengo aretoan ikusgai—, Eros hau WU/Arrosa saila izenekoan dago txertatuta: “W” letrak materia irudikatzen du, “U” letrak espirituari egiten dio erreferentzia, eta “WU” hitzak dualtasunen arteko batasuna adierazten du. Arrosa, sarritan, Arrosa-gurutze ordena sekretuarekin lotzen da. Elizaren dogma zurrunaren aurka zeuden fededun batzuek sortu zuten ordena hori XVII. mendean, eta haren kideek alkimia praktikatzen zuten. Erdigunean arrosa bat duen gurutze bat da ordenaren sinbolo nagusia, arrosa-gurutzea, eta garrantzi handikoa zen Af Klintentzat eta haren kideentzat; izan ere, horrelako gurutze bat zuen aldare batean egiten zituzten espiritismo-saioak.