Baratzea zaintzearen ardura
5. eta 6. mailako 17 ikasle, Manuela Zubizarreta ikastetxea, Etxebarria
5. eta 6. mailako 17 ikasle, Manuela Zubizarreta ikastetxea, Etxebarria
Hizkuntza: euskara
Artista: Manu Muniategiandikoetxea
Irakaslea: Mari Jose Arrieta
Programa honetan, sorkuntzarako eta ikasketarako lekutzat hartu dute ikastetxeko baratzea. Ortuko landareek behar duten zaintza, pertsonek eta, orokorrean, naturak eta planetak berak behar dutenaren parekoa da; inplikazioa eta erantzukizuna eskatzen duen lana da.
Zer da zaintzea? Zer zaindu nahi dugu? Mural kolektibo batean, ikasleek baratze sinboliko bat marraztu dute, eta eurentzat zaindu beharrekoa denaren irudiz bete dute: familia, lagunak, maskotak, jostailuak, trofeoak, esperientziak, Parisera bidaia bat, objektu berezi bat, une gogoangarriak, oroitzapenak…. Ideiak irudikatuz joan ahala, beste batzuk bururatu zaizkie, ez hain zehatzak: natura, ura, hizkuntzak, artea, liburuak... Prozesu horrek gogoetarako bidea ireki du planeta zaintzeko eta hobetzeko mekanismoak nola “erein” aztertze aldera. Proiektua zabaldu eta haren berri emateko asmoz, beste talde batzuk gonbidatu dituzte muralaren aurrealdea egiten laguntzera. Prozesuan funtsezkoa izan da taldelana, besteak errespetatzea eta zaintzea eskatzen duen zeregina hura ere.
Museoan Picassoren eskultura bat ikusi ondoren, hura inspirazio-iturri hartuta, ikasleek eskuen eskulturak egin
dituzte —zaintzaren sinbolo gisa—, Malagako artistaren antzera: material malgua erabiliz, Picassok bere eskuahurraren molde bat egin zuen eta igeltsua isuri zuen bertan. Sortze-lanetarako estudioa baratzera eraman dute, eta artearen eta naturaren arteko topaleku bihurtu dute. Ikasleek ortu baten itxuran oinarritutako instalazio bat asmatu dute. Landareak tente hazteko eta haien garapena gorantz gidatu ahal izateko, euskarriak behar dira. Baratze sinboliko
horretan, landareek adiskidetasuna, maitasuna, enpatia eta segurtasuna bezalako fruituak emango lituzkete. Fruitu sinboliko horiek aurrera egitea ahalbidetzeko, ikasleek zementuzko oinarri batzuk asmatu dituzte makilak finkatzeko euskarri gisa erabiltzeko. Hainbat kofratze-modu bilatu dituzte zementuari forma emateko. Proiektuan zehar, sortze-prozesuaren funtsezko printzipioak landu dituzte, besteak beste proba eta hutsegitea, originaltasuna, bai eta imajinatutakoa gauzatzeko trebetasuna ere. Esperientziak ezagutzen eta elkar ezagutzen, ikusten eta beren buruarengan konfiantza izaten ikasteko balio izan die ikasleei.