209. Artearen historia

Jungwirthek artearen historiako hainbat margolari hartzen ditu inspirazio-iturritzat behin eta berriz. Haren azken olio-pinturek Francisco de Goya (1746–1828) eta Édouard Manet (1832–1883) maisuen lanetatik edaten dute; hori bai, Jungwirthek bere lengoaia artistiko pertsonala txertatzen du beti bere piezetan, jatorrizko iturrietatik erabat aldenduz.

Manet giltzarri izan zen pintura kanonikoa abangoardietako mugimendu artistikoekin lotzeko orduan: konbentzionalismo tradizionalak baztertu zituen, eta bizitza modernotik hartutako gaiak txertatu konposizio berritzaileetan. Jungwirthek haren Zainzuri-sorta (1880) lanean oinarrituta egin zuen margolan-sailak pinturaren materialtasuna aztertzen du; olio-pintura modu soil baina zehatzean aplikatuta, oreka harmoniatsua lortu zuen pinturaren eta espazio zuriaren artean. Planteamendu horretatik abiatuta, hiru koadroko sail bat egin zuen. Lan horietan, zainzuriaren motiboa berrasmatu zuen, haren nolakotasun irekia eta etereoa mantendu bai, baina funtsezko elementuak bakarrik erabilita.

 
Jungwirthek olio-pinturarekin egiten duen lana baliabide hori definitzen duten ezaugarrien adibide ona da: testura aberatsak, lehortze motela (nahasketa artatsuak egiteko aukera ematen du horrek), moldakortasuna… Bereizgarri horiek lausodura finak zein enpaste trinkoak lortzeko aukera ematen diote artistari. Jungwirthek, gainera, ez-ohiko euskarriak erabiltzen ditu askotan, hala nola paper marroia, gero mihise gainean muntatzen duena; izaera esperimentala azpimarratzen du horrek. Bere esplorazio horretan, materialetatik harago, gaiak tratatzeko moduarekin ere esperimentatzen du: abstrakzioa eta errealismoa uztartzen ditu, baina irudien jatorria esplizituki azaldu gabe.

Jungwirthen koadroak abstrakzioaren eta errealismoaren, keinuaren eta espazioaren artean mugitzen dira, eta errealitatearen esentzia itzurkorra sintetizatzen dute. Oliopintura euskarri desberdinen gainean erabiltzeko duen modu berritzaileak eta keinumarrazkia espazio hutsarekin orekatzeko duen gaitasunak agerian uzten dute gaiek eta materialek eskaintzen dituzten aukerekiko inplikazio askatzailea.

2021ean, Martha Jungwirthek margolan-sail bati ekin zion Francisco de Goya (1746–1828) inspirazio-iturri hartuta. Goyaren obrak Espainiaren historia gorabeheratsua jasotzen du, eta zorrotz aztertzen ditu sufrimendua, gizarte-bidegabekeria eta giza psikea. Tradizio zaharraren eta hasiberria zen modernotasunaren artean zangalatrau zebilen herrialde haren gaineko ikuspegi zolia erakusten zuen maisuak, eta Ilustrazioko idealen alde egiten zuen, ez sineskerien alde; gaur egungo gizarte-gertakari gorabeheratsuen argitan, Jungwirthek oso gertuko sentitu izan ditu balio horiek. Goya gorteko margolari izatetik gai sakonagoak jorratzera igaro zen, eta metaforaz betetako errepertorioa landu zuen —hala nola sorginak eta deabruak— indarkeria, ezjakintasuna eta iruzurra salatzeko. Haren lanek, tartean ñabarduraz jositako majen irudikapenek eta ilunak bezain introspektiboak diren Pintura beltzek, gizatasunaren mamia eta gizarteak generoaren eta klasearen inguruan zuen ikuspegia jasotzen dute.

Bere margolanetan, Jungwirthek bat egiten du Goyaren kezka tematikoekin eta ausardia estilistikoarekin, eta planteamendu minimalistara jotzen du, irudiak lerro eta keinu funtsezkoetara murriztuta. Bere interpretazioek maisuaren lengoaia sinboliko bera mantentzen dute, baita gai berberak lantzen ere, hau da, giza hauskortasuna eta kritika soziala. Hain zuzen ere, Jungwirthek Goyaren Margolan beltzak direlakoen —besteak beste, Txakurra itotzear (1820–23) obraren— inguruan egin zituen hausnarketek iradokitzen dute bi artisten ikuspegia antzekoa dela heriotzari eta giza izaeraren alderdirik ilunenei dagokienean. Ikuskera garaikidetik abiatuta, Jungwirthen lanak hartu-emana ezartzen du Goyarenarekin, eta estetika araztua erakusten du, irudiaren esentzia antzematen duena eta, era berean, egilearen ahots artistiko bereziari eusten diona. Sail honek, Goyaren jeinuari gorazarre egiteaz gain, hark gizakiaren konplexutasunen eta heriotzaren halabeharrezko presentziaren inguruan egindako ikerketa nabarmentzen du, eta hark utzitako ondarearen betiereko garrantzia azpimarratzen du.